Aurrerantzean, astelehenetik ostiralera, Azkoititik 21:15ean eta Donostiatik 22:25ean abiatuko dira linea honen azken autobusak. Zerbitzu berri hauek ekainaren 15etik aurrera jarriko dira martxan.
Orain arte, ostiraletan bakarrik eskaintzen zen autobus gehigarri bat, baina ordutegi desberdinarekin: Azkoititik 20:45ean eta Donostiatik 22:05ean. Aldundiak adierazi duenez, ordutegia atzeratzeak eta zerbitzua astelehenetik ostiralera zabaltzeak lanetik beranduago ateratzen diren herritarrei hobeto erantzungo die.
Urola Erdiko bizilagunek Donostiara egiteko dituzten joan-etorriak erraztuko ditu zerbitzu berriak. Era berean, ibilgailu pribatuaren erabilera edo beste pertsonen mendeko egotea saihesteko balioko du, autonomia eta aukera berdintasuna bermatuz.
“"Zerbitzua erabiltzaileen benetako beharretara egokitzen jarraitzen dugun heinean, gero eta pertsona gehiagok autobusaren aldeko apustua egitea lortuko dugu."
Azahara Dominguez diputatuak Azkoitiko Ana Azkoitia, Azpeitiko Nagore Alkorta eta Zestoako Mikel Arregi alkateekin eta Jose Luis Iraeta La Guipuzcoana autobus enpresako arduradunarekin bildu ondoren eman du berria. Bilera horretan, UK01 lineari egindako hobekuntzaz gain, eskualdeko garraio publikoa hobetzen jarraitzeko elkarlana aztertu zuten. Halaber, Urola Erdiko herritarrak Donostiako ospitale eremuraino eramango dituzten zerbitzuen konexioa hobetzeko lanean ari direla gaineratu du aldundiak.




