Orain arte, Egunean Behin jokoan lehiatzeko bi modu zeuden: sailkapen orokorrean edo norberak sortutako taldeetan. Baina bederatzi astez luzatuko den denboraldi honetan, hirugarren aukera bat gehitu da: hedabide-eskualdeen arabera osatutako hamar talde.
Talde horiek mugatuak izango dira, eta jokalari bakoitzak bakar batean eman ahalko du izena. Aukeren artean daude 28 Kanala (Tolosaldea), Aiurri (Beterri-Buruntza), Anboto (Durangaldea), Arabako Alea (Arabar guztiei irekia), Barrena (Debabarrena), GiTB (Goierri), Goiena (Debagoiena), Guaixe (Sakana), GUKA (Urola Kosta) eta Hiruka (Uribe Kosta).
Talde bakoitzak bere sailkapen eta barne lehia propioa izango du, baita hedabide bakoitzak eskainitako sariak ere. Horrez gain, talde horien arteko lehia ere egongo da, egunero jokatzen duten jokalarien batez besteko puntuazioetan oinarrituta. Astero argitaratuko den ranking batek erakutsiko du zein eskualde den nagusi jokoan.
Parte hartu nahi duten jokalariek talde horietako bakarra aukeratu beharko dute, eta profileko informazioa osorik bete beharko da sarien kudeaketa errazteko. ALEA eta Arabako izen onaren alde lehiatu nahi dutenek, Egunean Behin instalatu eta dagokion taldean izena ematera animatzen dira.




