Amezketan, azaroaren 8an, igandez, azoka egingo da goizeko 10:30etik 14:30era bitartean. Bertan, bertako produktuak erakusteaz gain saltzeko aukera ere izango da.
Salmentarako produktu ugari egongo dira eskuragarri, hala nola barazkiak, frutak, babarrunak, mondejuak, okela, eztia, gazta, onddoak, gozoak, sagardoa, ardoa, ukenduak, xaboiak eta krema naturalak.
Artisautzaren atalean, taila, eskultura, pilota egileak, haria (kakorratza, gurutze-puntua…), pintura eta beste hainbat lan ikusi eta eskuratu ahal izango dira.
Postua eskatzeko, Udalaren web orrian dagoen eskaera orri orokorra bete behar da pertsona identifikatuaz eta salgai jarriko den produktua argi adieraziz. Aurten, antolakuntzak 2 mahai jarriko ditu postu bakoitzean, 1,80m x 0,80 m. neurrikoak.
Eskaera orrian argi jarri beharko da argi-indarra behar den ala ez. Postuetako errotulazioa, seinalitika edo publizitate adierazpenak euskaraz idatziak egongo dira, eta elebitan izatekotan, beti euskarari emango zaio lehentasuna. Partehartzaileek sare sozialetako erabiltzaile izena ere jarri beharko dute.
Azoka egunean, azaroaren 8an, goizeko 9:00ak baino lehen EZIN izango da postuetan materiala jarri. Postu guztiak sartzen ez badira, udalak erabakiko du zein jarriko diren, eta nekazal eta abeltzaintza ekoizleei lehentasuna emango zaie.
Postuak jartzeko eskaera egiteko azken eguna urriaren 30a, ostirala, izango da.




