Sanjuandegi auzoak festa giroan murgilduta jarraitzen du gaur, larunbata, Auzo Eguna ospatzen ari baita. Goizean goizetik ekintza ugari izan dira auzotarrentzat. 10:30ean, xake txapelketa bat jokatu zen igerilekuaren aurreko aterpean, eta jarraian, 11:00etan hasita, judo erakustaldia izan zen Jose Antonio Agirre plazan.
Eguerdian, aurtengo jaietako berritasun nagusia heldu zen: bederatzigarrenez antolatu den Getariako Txakolinaren Eguna. Aurreko urteetan Perez Arregi plazan egin izan den arren, aurten Sanjuandegiko jai egitarauari batu diote hitzordu hau. Bertaratu zirenek zortzi upategitako (Aizpurua, Akarregi Txiki, Arregi, Basa Lore, Gaintza, Gañeta, Rezabal eta Txomin Etxaniz) Getariako txakolinak dastatzeko aukera izan dute.
Edariari laguntzeko, Premietxeberri baserriko gazta pintxoak eta Eusko Labelen solomo mokaduak ere eskuragarri egon dira. Azpeitiko Gaixoen eta Elbarrien Aisialde Taldeak banatu ditu pintxoak, eta dastaketa egin duten bi orduetan, Bankako Menditarrak taldeak girotu du ekitaldia.
Bestalde, 13:00etan, Udal Musika Bandaren kontzertua izan da karpan. Ekintza guztietan jende ugari elkartu da auzoan.
Arratsaldean ere ekitaldiak jarraituko dute, egitarau oparoarekin: 15:00etan auzo bazkaria eta ondoren bingoa; 18:00etan III. Trikifree trikiti emanaldia; 18:30ean txokolatada; 19:00etan erraldoiekin eta buruhandiekin kalejira, eta Hamarru elektrotxaranga. Gauean, 20:00etan parrillada eta 22:00etatik aurrera kontzertuak izango dira, Lukiek eta Ezpalak taldeen eskutik, eta ondoren, Tintz DJa karpan eta herriko DJak txosnan.




