Udalekuen amaiera ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu dira Berriz en. Adinka antolatutako ekintzen artean, aurtengo berritasun nagusia 65 metroko ur txirrista erraldoi bat izango da. Unibertsitatetik hilerrira doan aldapan jarriko dute, eta Lehen Hezkuntzako 2. mailatik 6. mailara bitarteko gaztetxoek erabil ahal izango dute goizean, 10:30etik 12:30era. Haur Hezkuntzako 3 eta 4 urteko txikienek, berriz, Olakuako kirol kantxako puzgarriez eta San Lorentzoko ur txorroten parkeaz gozatuko dute.
Arratsaldean, txirrista erraldoia Gaztelekuko erabiltzaileentzat zabalik egongo da, baita gainerako umeentzat ere, 16:30etik 18:30era. Ostirala baita ere gaztelekua zabalik egongo den azken eguna.
Txirrista jartzeak eta kentzeak eragindako etenaldia dela eta, zirkulazioa moztuta egongo da aldapa horretan 09:30etik 20:00ak arte. Autoek saihesbidea erabili beharko dute, postetxe parean Ibarratik gora joanez.
Bestalde, arte udalekuak ere amaituko dira ostiralean. Aurten, horma-irudi bat egin dute plazako jolas gune aldeko sarreratik gertu dagoen paretan. Lan horiek eta udalekuetan egindako beste lan batzuk erakusgai egongo dira.
Udako kanpaina honetan, udalak guztira 88 langile kontratatu ditu: 70 begirale udaleku irekietan, zazpi arte udalekuetan eta hamaika kirol kanpainarako. Udaleku irekietan 504 haurrek eman zuten izena, eta arte udalekuetan 52 gaztetxok. Kirol kanpainan, berriz, 1.300 bat ekintza edo plaza bete dira.




