Amurrioko herritar bat Aiaraldea Komunikabidearekin harremanetan jarri da udako igerilekuei lotutako auzi bat salatzeko. Bizilagunak azaldu duenez, guraso bakarreko familiak ezin dute familiei bideratutako abonua eskuratu, nahiz eta Eusko Jaurlaritzako irizpideek hala gomendatzen duten.
Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak iazko abenduan plazaratu zuen guraso bakarreko familien araubidea ezartzen duen dekretua. Bertan zehazten da familia mota horrek babes berezia behar duela, “bereziki zaurgarriak” direlako, pobrezia-arrisku handiagoa dutelako eta familia eta lana uztartzeko zailtasun gehien sufritzen dutelako.
Amurrioko herritarrak duela hiru urte egin zuen eskaera formala Amurrioko Udalean, baina salatu du ez duela oraindik erantzun ofizialik jaso, eta horregatik erabaki duela gaia publiko egitea.
Aiaraldea Komunikabidea Amurrioko Udalarekin harremanetan jarri da gaiari buruz galdetzeko. Tokiko erakundeak erantzun dio gai hori “kirol-instalazioei lotutako udal-tasen hurrengo berrikuspenean aztertuko dela”.
Udalak azaldu du lanean ari dela udal igerilekuetako eta kiroldegiko zerbitzuak “kudeaketa-kontratu bakarrean” bateratzeko. Prozesu horri esker, tasak eta abonu-modalitateak berrikusi eta eguneratu ahal izango direla dio, “egungo gizarte-errealitatera egokitzeko eta dauden familia-ereduei modu egokiagoan erantzuten dietela bermatzeko”.
Gauzak horrela, guraso bakarreko familien errealitatea kontuan izango dutela ziurtatu du Udalak, “kirol-instalazioetara sartzeko tarifak eta baldintzak berrikusteko prozesuan”. Tokiko erakundeak adierazi du horrelako ekarpenak “eskertzen” dituela, “zerbitzu publikoak hobetzen eta udalerriaren benetako beharretara egokitzen laguntzen” dutelako.




