Galdakaok hainbat ekitaldi antolatu ditu datozen hilabeteetarako. Batetik, Munduko Pilotako XX. Txapelketaren atariko prestaketa-partidak hartuko ditu Kurtzeko frontoiak irailaren 26an. Bertan, Euskal Selekzioak eta Argentinako Selekzioak neurtuko dituzte indarrak, munduko pilotari onenetako batzuk ikusteko aukera emanez.
Modalitate ezberdinetako pilotariak arituko dira: paletan Iñaki Urrutia eta Ibai Perez (Euskadi) Roman Maldonado eta Mateo Villorou (Argentina) aurrean izango dituzte; pala motzean, berriz, Jagoba Madariaga eta Imanol Ibañez (Euskadi) eta Pablo Fusto eta Agus Maldonado (Argentina) arituko dira. Aurretik, larruzko paletako partida bat ere jokatuko da Uxue Urgoiti-Enara Anitua eta Naia Zugaza-Maialen Landajo bikoteen artean.
Bestetik, Torrezabal Kultur Etxeak ikuskizun eskaintza zabala prestatu du urritik abendura bitartean. Guztira, 17 zuzeneko emanaldi eta hiru opera eta ballet proiekzio izango dira. Programazioak 'Izena eta izana' uztartuko ditu, nortasuna eta kalitatea duten ikuskizunekin, eta izen handiko artistak igoko dira oholtzara, hala nola Patxo Telleria, Jose Sacristan, Clara Peya, Las Migas flamenko taldea eta Da Capo Musika Banda.
Kultur arloko zinegotzi Edurne Espillak adierazi duenez, egitarauak "pil-pilean dauden gaiak landuko ditu espiritu kritikoa sortzeko eta lantzeko". Sarrerak irailaren 24tik aurrera egongo dira salgai.
Lan arloan, Galdakaoko kale garbiketako langileek eta Andra Mari aldi baterako enpresa-elkarteak hitzarmen berria sinatu dute 2028ra arte. Akordioak %2ko soldata-igoera bermatzen du KPIa kontuan hartuta, eta euskara ikasteko baimen ordainduak jasotzen ditu, lanaldiaren ordu erdi bideratuz ikaskuntzara.
Halaber, Galdakaoko jaietan Palestinaren aldeko elkartasun ekintzak ere egin ziren irailaren 18an eta 19an, eta jaiak kuadrillen maskoten erretzearekin amaitu ziren, Antzeko kuadrilla txapeldun izan ondoren.




