Zumaiako gizonek bigarren postua eskuratu zuten atzo arratsaldean Plentzian (Bizkaia) jokatu zen KAE 1 ligako bigarren jardunaldiko estropadan, Plentziako 37. Ikurriña. Deusto-Bilbao irabazlearen atzetik eta Zarautzen aurretik heldu ziren helmugara.
Lehia estua izan zen hiruren artean. Lehen bi ziabogetan Zumaiak hartu zuen aurre, Deusto-Bilbaori segundo bateko eta Zarautzi hiru segundoko aldea aterata. Hirugarren ziabogan, ordea, Deusto-Bilbaok segundo bateko aldea lortu zuen Zumaiaren aurrean, eta zazpikoa Zarautzen aurrean. Azken luzean, aldeak handitu egin ziren, eta Zumaiak zazpi segundo gehiago behar izan zituen helmugaratzeko Deusto-Bilbaok baino. Zarautzek, berriz, bederatzi segundo gehiago behar izan zituen Zumaiaren ostean. Orio B taldea azkena izan zen.
KAE 1 ligako sailkapen nagusian, Zarautz bigarren dago 33 punturekin, lider den Deusto-Bilbaotik puntu batera. Zumaia hirugarren da, Zarauztik puntu bat gutxiagorekin, eta Orio B hamaikagarren, 5 punturekin.
Bestalde, Zumaiako emakumezkoek gaur goizean hasi dute Euskotren liga Madrilgo Buitrago del Lozoyako urtegian. Lau luzeko eta hiru ziabogako proban, Donostiako Arraun Lagunak izan zen azkarrena, bigarren sailkatu zen Oriori hamabi segundoko aldea aterata.
Emakumeen lehen mailako ligan zortzi traineruk parte hartzen dute. Gaurkoan, Zumaia zazpigarren sailkatu da, lehen sailkatuari 30 segundoko eta azkenari segundo bateko aldea aterata.




