Iker Zabalaren kuadrilla garaipen handiekin itzuli da Galiziatik. Atzo Redondelan lehiatu ziren eta gaur Bueun. Bi estropadetan nagusitu dira oriotarrak, eta horrek ligako sailkapenean duten posizioa sendotu du.
Gaurko estropadan, Zierbena izan da Orioren arerio nagusia. Bizkaitarrek estu hartu diote Oriori estropadaren zati handi batean, baina azken luzean abiadura handitu eta lau segundoko aldearekin nagusitu da Orio. Denbora ofiziala 19.36.84 izan da, ligako bosgarren bandera eskuratuz. Zierbenak 19.40.12 egin du eta Hondarribia hirugarren izan da 19.52.60 denborarekin.
Sailkapen orokorrean, Oriok 80 puntu ditu, Bermeok baino hamar gehiago, eta horrek tarte ederra ematen dio lehen postuan.
Bestalde, emakumezkoen Euskotren ligan, Arraun Lagunak taldeak zazpigarren bandera eskuratu du jarraian, Bueuko estropadan marka berria ezarriz (10:25,90). Tolosaldea izan da bigarren eta Hibaika hirugarren. Orioko taldea, berriz, seigarren izan da txandan, baina lan bikaina eginda.
Sailkapen nagusian, Orio bosgarren da 28 punturekin.




