Urola Kirol Elkarteak bere 2026-2027 denboraldiari hasiera emango dio datorren larunbatean, Zumarraga-Urretxu txapelketarekin eta ohiko lore eskaintzarekin. Klubak 20 talde federatu, 490 futbolari eta 67 entrenatzaile izango ditu denboraldi berrian.
Larunbatean bertan, irailaren 5ean, jokatuko da Zumarraga-Urretxu txapelketa Argixaon. Eguerdiko 13:00etan, klubak lore eskaintza egingo dio Antioko Amari, bi talde nagusietako jokalariek, zuzendaritzako kideek eta Zumarragako Udaleko ordezkariek parte hartuko dutelarik.
Txapelketako lehen partida arratsaldeko 15:30ean izango da, emakumezkoen artean, non Urolak Debagoiena Bailara izango duen aurkari. Ondoren, 17:30ean, gizonezkoen txanda iritsiko da, eta Urolak Ilintxaren aurka neurtuko ditu indarrak.
Bestalde, bazkide txartelak banatuko dira Zumarragako Euskadi plazan larunbatean eta hilaren 12an, 10:30etik 13:00etara, klubaren irudi bateratua eta talde izaera indartzeko helburuarekin.
Lehen taldeei dagokienez, gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldeak irailaren 13an hasiko du denboraldia Ondartzan, Hondarribiaren aurka. Valen Tenak zuzenduko du talde hau, Markel Babarro, Julio Pastrian eta Aitor Moreno laguntzaile dituela. Emakumezkoen taldeak, berriz, astebete geroago ekingo dio lehiaketari Elgoibarren, Aitor Irizar, Juanlu Elizondo eta Mikel Irizarren gidaritzapean.
Bi talde nagusiek abuztuan hasi zituzten entrenamenduak, eta gainerako taldeak ere martxan dira. Guztira, 14 gizonezkoen eta sei emakumezkoen talde federatu izango dira, Futbol Eskolaz gain, 490 futbolari eta 67 entrenatzailerekin.
Zuzendaritzak proiektua sendotzea eta aurrerapausoak ematea du helburu, bai kirol arloan, bai kudeaketan. Emakumezkoen taldearen lehiakortasuna handitzea eta gizonezkoen taldean etxeko jokalarien aldeko apustua egitea dira erronka nagusiak.
Kudeaketa hobetzeko neurriak indartuko dira, hala nola Joko OK protokoloa eta Urola-Real metodologia. Ekonomia arloan, gastuen kontrolari eta baliabideen kudeaketa arduratsuari eutsiko zaio, babesle berriak erakartzeko ahaleginean.
Jokalariek klubaren kaleko ekipazio ofiziala erabili beharko dute partidetara joateko eta itzultzeko, irudi bateratua sendotzeko. Sare sozialetako presentzia indartuko da, eta euskara izango da estrategiaren ardatzetako bat, klubaren irudian eta komunikazioan sustatuz.
Helburua argia da: baloiak eta balioak euskaraz zelairatzen dituen futbol kluba izaten jarraitzea. Zuzendaritzak elkarlana ezinbestekotzat jotzen du eta bazkide, familia, jokalari, entrenatzaile, boluntario eta babesleen konpromisoa eskertzen du.




