Elgoibar izango da Euskal Herriko gazteen eskubaloiko zortzigarren topalekua irailaren 5ean eta 6an. Bertan, 300dik gora jokalari gazte, kadete mailakoak, lehiatuko dira txapelketaren zortzigarren edizioan. Sanlo Eskubaloi Kirol Taldeko arduradunen arabera, kirol-egutegian errotutako ekitaldi hau Sanloko erreferente eta oraindik ere "gogoan" duten jokalari eta entrenatzaile montenegroarrari, Gojko Vučinići, omenaldia egiteko antolatzen da.
"Bi egunez, Elgoibarrek oinarrizko eskubaloirik onenaz gozatzeko aukera izango du, kirolaren balioak sustatuz eta Gojko Vučinićen figura gogoratuz", adierazi dute antolatzaileek.
Torneoan hamasei taldek hartuko dute parte, neskenak zein mutilenak. Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroatik etorritako hamar kirol talde ordezkatuko dituzte. Nesken partidak Olaizagako kantxan jokatuko dira, eta mutilenak, berriz, IMH kiroldegian.
Aurten, txapelketa bi jardunaldi baino ez ditu izango. Irailaren 5ean, larunbata, 09:30ean hasiko dira norgehiagokak, eta arratsaldean jarraituko dute 16:00etatik 19:15era bitartean. Igandean, irailaren 6an, goizeko 09:00etan hasiko dira partidak, eta 12:45ean amaituko dira azken sailkapena erabakiko duten neurketekin. Amaiera-ekitaldia eta sari-banaketa 13:45ean izango da, Olaizaga Kiroldegian.
Azken bi edizioetan, Zumaiako Pulpo eskubaloi taldeko neska-mutilak nagusitu ziren txapelketa honetan.




