Getariako taldeak denboraldiko emaitzarik onenetakoa lortu du, estropadan hasieratik aurreko postuetan arituz eta Bermeo zein Zierbenaren presioari eutsi ondoren.
Azken luzean, hiru traineruak oso parean iritsi badira ere, Getariak azken metroetan erakustaldi indartsua eman du, Zierbenaren erasoak uxatu eta helmugan bigarren postua ziurtatuz. Oriok irabazi duen arren, Getariak ez dio aukerarik eman atzetik zetozen aurkariei.
Emaitza honekin, Getariak puntu bateko aldea ateratzen dio Bermeori sailkapen nagusiko hirugarren postuan. Horrela, denboraldiko azken jardunaldiaren atarian, hirugarren postua bere esku du Esperantzak, eta Bermeon erakutsitako mailak konfiantza ematen dio azken hitzorduari begira.
Eusko Label Ligako azken jardunaldia bihar jokatuko da Portugaleten. Getaria Ohorezko txandan arituko da, Orio, Zierbena eta Bermeorekin batera, 13:09an hasiko den estropadan. Esperantzak sailkapen nagusiko hirugarren postuari eusteko helburuarekin ekingo dio azken erronkari.




