Zumaia Olagarro Egunaren baitan murgilduta

Gastronomia, kirolak eta musika uztartu dira egunean zehar herriko kaleetan.

Irudi generikoa: Zumaia herriko Olagarro Eguna jaiaren argazkia, jendea eta postuak.
IA

Irudi generikoa: Zumaia herriko Olagarro Eguna jaiaren argazkia, jendea eta postuak.

Zumaia eguraldi ederraz esnatu da gaur Olagarro Eguna ospatzeko, eta herritarrak zein bisitariak erakarri ditu ekitaldi ugarietara.

Goizean goiz ekin diote egunari Zumaian. Argazki rallyko parte hartzaileek eguneko irudi ederrenak bilatu dituzte, eta Eusebio Gurrutxaga plazako azokan jendeak poltsak beteta eraman ditu produktuak.
Herriko zortzi txosnetatik zabaldutako usainek herritarrak erakarri dituzte. Zumaiako eragileek prestatutako olagarro brotxetak eta olagarroa patatekin platerak arrapaladan joan dira.
Gernika Parkean bildu da jende gehien goizean. Itxas Gain elkartekoen jolasekin haurrak eta gaztetxoak entretenitu dira. Ondoren, 11:00etan, batel estropada izan da ibaiaren ertzean, Olagarro Eguneko ekitaldi nagusietako bat.
XVIII. Olagarro Eguneko Bandera izan da jokoan 40 talderen artean. Giro herrikoia sortu da uretan zein ertzean.
Gastronomia eta itsas kultura ardatz badira ere, musikak ere hartu du lekua. Txistulariak eta trikitilariak aritu dira herriko kaleak girotzen hamaiketako orduan.
Arratsaldean ere ekitaldiak jarraituko dute: 17:00etatik 19:00etara Kofradia bisitatu ahal izango da, eta arratsaldean olagarro brotxetak egongo dira txosnetan. 18:30ean, Hamarru elektrotxaranga ibiliko da kaleetan. 19:30ean, Kofradian emango zaie irabazleei XVIII. Olagarro Eguneko Bandera, eta 22:30ean, Sutargi taldearekin erromeria izango da.