Azpeitiako feministen kolektiboak gertatutakoaren aurrean bere kezka eta salaketa agertu ditu, ikuspegi feministatik, matxismoaren alderdi ilunenak azaleratuz. Haurren eta emakumeen duintasunaren deuseztapena, pornografia hegemonikoaren bidez pertsonak objektu sexual gisa erabiltzea, eta desira eta boterea zapalkuntzaren bidez eraikitzea kritikatu dute. Horrez gain, kultura patriarkalak indarkeria normalizatzen duela eta teknologia berriek esplotazioa eta abusuak zabaltzea errazten dutela adierazi dute.
Kolektiboak argi utzi du isilik ez direla geratuko gertakari honen aurrean, eta egiturazko arazo bati erantzun zabala eta irmoa emateko deia luzatu die erakundeetatik hasi eta norbanako bakoitzarenganaino.
Horretarako, hiru ardatz nagusi proposatu dituzte: batetik, Hezkuntza Sexual Integral Feminista sustatzea, etxeetan zein ikastetxeetan, afektibitatean, errespetuan eta baimenean oinarritutako hezkuntza bultzatzeko, pornografia digitala belaunaldi berrien erreferente ez dadin. Bestetik, babes sareak eta detekzio goiztiarra indartzea, haurren aurkako abusuak eta esplotazioa prebenitzeko baliabideak eta protokoloak zorroztea eskatuz.
Azkenik, autodefentsa feminista eta erantzukizun kolektiboa aldarrikatu dute. Gizonen eta gizarte osoaren erantzukizuna dela azpimarratu dute eredu bortitz hauekin hausteko eta kontsumo zein jarrera hauek babesteari uzteko. Ez dute onartuko Azpeitia indarkeriaren gorazarrearen lekua izatea, eta herri segurua, parekidea eta solidarioa nahi dutela adierazi dute, guztiontzat, baina bereziki zaurgarrienentzat.




