Kanpaina honen helburua da parte-hartzaileek talde txikietan antolatuta, giro lasaian eta akatsak egiteko beldurrik gabe euskara praktikatzea. Bakoitzak bere erritmoan ikasteko aukera izango du.
Mintzalagun-taldeak irailaren amaieran eta urriaren hasieran hasi ziren elkartzen, eta hainbat jarduera antolatzen dituzte, hala nola kafe hartzea, paseatzea, tokian tokiko euskalkian aritzea, mendira joatea edo solasean aritzea. Gainera, familientzako asteburu-pasak ere antolatzen dira Tertangan, Bizkaiko Urtxintxa Eskolaren eskutik. Azaroan online taldeak hasiko dira, eta udako taldeak ekainaren amaieratik irailera bitartean elkartuko dira.
Dinamizatzaileek aisialdian euskaraz gozatzeko beste jarduera ireki batzuk ere antolatzen dituzte, tartean mintzodromoak, sukaldaritza-tailerrak, museoetako bisita gidatuak eta hitzaldiak. Praktikatu egitasmoa 105 udalerritan dago martxan, eta Urola Kostan, Zumaian, Getarian, Zarautzen eta Orion daude taldeak.
Egitasmoan parte hartzeko, gutxienez 16 urte izan behar dira eta, euskara-ikasleak badira, B1 maila edo handiagoa izan behar da. Izen-ematea emanizena.praktikatu.eus webgunean egin daiteke, eta programa doakoa da.
Informazio gehiago nahi izanez gero, praktikatu@aek.eus helbidera idatz daiteke edo Praktikatu Zerbitzuaren webgunea eta sare sozialak kontsultatu.




