Atzo eguerdian jarri zituzten salgai abuztuaren 7an egingo duten Euskal Jai Eguneko herri bazkarirako txartelak, eta 24 orduko epean ahitu dira. 400 lagunentzako lekua izaten da bazkarian, baina udalak 350 txartel jarri zituen salgai, gainerakoak azokako parte hartzaileentzat edota musikarentzat gordez.
Aurten ere, herritarrek festarako duten gogoa agerian geratu da txartelak hain azkar saltzearekin. Hurrengo ostiralean ospatuko da Euskal Jai Eguna Zumaian.
Goizean, artisauen azoka egingo dute herriko Alde Zaharrean. Eguerdi partean, balkoitik balkoirako bi saio izango dira: lehena udaletxean eta bigarrena Kofradian. Ondoren, Eusebio Gurrutxaga plazan jarriko duten karpa azpian egingo den bazkarira gerturatuko dira txartela dutenak.




