Galdakaoko jaiak hasi dira ofizialki Santakurtzak ospatzeko. Herriko kaleak giro biziak hartu ditu kuadrillen desfile erraldoiarekin, eta ondoren, udaletxe aurrean elkartu dira herritarrak. Bertan, Iskander Sagarminagak irakurri du pregoia eta Maria Casillasek bota du txupinazoa, jaiak irailaren 20ra arte luzatuko direla iragarriz.
Jaiak hasi eta berehala, herritarren joan-etorriak errazteko neurriak jarri dira martxan. Galdabusak gaueko zerbitzu berezia eskainiko du irailaren 11n, 12an, 18an eta 19an, 00:00etatik 07:00etara, Juan Bautista Uriarte kaleko 30. zenbakitik abiatuta eta auzo nagusietan geldialdiak eginez. Autobusa ibilbidetik atera gabe gelditu ahal izango da erabiltzaileek eskatutako edozein lekutan.
Gainera, Metroko lanzadera zerbitzua ere erabilgarri egongo da asteburuetan, Galdakaotik Boluetako Metro geltokira joateko. Ostiraletan 23:30etik 05:30era eta larunbatetan 23:30etik 06:30era izango da, orduro, Anbulatorio, Urreta, Sixta Barrenetxea, Bengoetxe – La Troka, Olabarrieta eta Aperribai geltokietan geldialdiak eginez.
Euskotrenek ere tren zerbitzu berezia eskainiko du irailaren 12tik 13ra eta 19tik 20rako gauetan, Matiko/Bilbo – Traña tartean. Arratiako herrietara itzultzeko autobusa ere martxan egongo da irailaren 12an eta 19an, Plazakoetxetik 02:30ean eta 05:00etan aterako dena.
Jaietako ekitaldiengatik, hainbat kale itxiko dituzte une jakinetan. Irailaren 11n, Juan Bautista Uriarte kalea 18:00etatik 21:00etara itxiko dute desfileagatik, eta Ganekogorta kalea 22:00etatik 00:30era trizikloen lasterkagatik. Besteak beste, ohe lasterketa, goitibeheren jaitsiera eta orkestraren muntaketa ere eragingo dute trafikoan.
Bestalde, jaiak indarkeria matxistarik gabe eta askatasunean bizitzeko konpromisoa berretsi dute jai antolatzaileek. ‘Eraso matxistarik gabe, Galdakao aske’ kanpainaren baitan, informazioa zabalduko dute eta Puntu Morea jarriko dute txosnagunean laguntza eskaintzeko. Indarkeria Matxistaren Biktimei Laguntzeko Udal Programaren telefonoa (688 719 304) 24 orduz egongo da aktibo.
Gainera, eskumuturrekoak eta behin behineko tatuajeak banatuko dituzte indarkeria matxistaren aurkako mezuekin, jaietan elkarbizitza, errespetua eta berdintasuna zaintzeko konpromisoa gogorarazteko.




