Donostiako traineruak garaipen sendoa lortu du gaurkoan, eta horrek sailkapen orokorrean zortzigarren postuan amaitu duen Zarautz-en aurretik jarri du.
Kontsolazio txanda benetan borrokatua jokatu dute Oriok eta Zarautz-ek, Hibaika eta Donostiarra-rekin batera. Hasieratik Hibaika jarri da aurretik, baina gainerako ontziek ongi eutsi diote joaneko luzean.
Ziaboga egiterakoan Hibaika atera da aurretik, baina segundo batera izan ditu Orio eta bi segundora Donostiarra eta Zarautz. Poparean, ordea, erritmoa bizitu du Hibaika-k, eta badian sartzerako nabarmen jarri da aurretik, 10:49,70eko denbora eginez txanda irabazi duelarik.
Atzeko hiruen arteko lehia estua izan da, eta azkenean Donostiarra-k aurrea hartu dio Oriori helmugaratzeko metro gutxiren faltan, bigarren tokia ziurtatuz (10:59,26). Oriorentzat txandako hirugarren postua izan da (10:59,60), eta Zarautz laugarren geratu da (11:01,28).
Gaur arratsaldean, 19:00etatik aurrera, harrera egingo diete Zarauzko arraunlariei herrian, Musika Plazatik txistulariekin hasita, eta ondoren udaletxeko balkoira aterako dira.
Sailkapen orokorrean, Arraun Lagunak izan da garaile (10:31,32), ondoren San Juan (10:41,82), Tolosaldea (10:46,68), Astillero (10:48,04), Hibaika (10:49,70), Donostiarra (10:59,26), Orio (10:59,60) eta Zarautz (11:01,28) izan dira.




