Festen hasierako ekitaldian, Landeta, Damaso, Nuarbe, Loiola, Elosiaga, Errebala, Aratzerreka, Eliz kale, Urrestilla, Lasao, Matxinbenta, Sanjuandegi eta Haujijijai batzordeetako ordezkariek hartu dute protagonismoa. Talde hauek urte osoan zehar herriko auzoetan jaiak antolatzeko egiten duten lana aitortu nahi izan da.
Nagore Alkorta alkateak ere hitza hartu du suziria bota aurretik. Bere hitzaldian, herria bizirik mantentzeko auzoetako eragileek egiten duten borondatezko lana azpimarratu du, eta herritarrak festetaz elkarrekin gozatzera animatu ditu.
Lehenengo eguneko egitaraua musika eta erromeriekin osatu da, Gozategi eta Balantza taldeen emanaldiekin. Gaur, San Inazio Eguna izanik, prozesioa, meza, entzierro txikia eta Musika Bandaren kontzertua izango dira protagonista, besteak beste.




