Datorren larunbatean, Azkoitia motozaleen topagune bihurtuko da seigarren aldiz, Bikers Urola Kosta taldeak antolatutako ekitaldiari esker. Azkoitiko Udalaren laguntzarekin, egunak ibilbide bat eta bazkari bat izango ditu ardatz.
Goizeko 09:30ean hasiko da jardunaldia plazan, izena eman duten parte-hartzaileek txartelak jasotzeko mahaia zabaltzearekin batera. Ordubete geroago, 10:30ean, motozaleak abiatuko dira eskualdeko hainbat txoko ezagutzera. Ibilbidearen ostean, 13:00etarako aurreikusten da Azkoitira itzultzea.
Arratsaldean, herriko tabernetan txikiteoa egiteko aukera izango da, eta 14:30ean, bazkari bat egingo da Geltoki jatetxean. Bazkariaren prezioa 20 eurokoa izango da, eta bertan parte hartu nahi dutenek ostirala baino lehen eman beharko dute izena. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 40 lagunentzako plazak daude, eta azkeneko batzuk baino ez dira geratzen betetzeko. Izena emateko, zumaiabikers@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da.




