Azkoitiarrek Navarreteko taldea izango dute aurkari, eta itzuliko partida urriaren 3an jokatuko da Errioxan. CD Tedeonek iazko denboraldian seigarren postuan amaitu zuen Errioxako Erregional Preferente mailan. Carlos Pascual, Tedeoneko entrenatzaileak, Azkoitiko taldea txapelketan duen esperientziagatik saihestu beharreko aurkarietako bat zela adierazi zuen zozketan, baina «ilusio guztiarekin» joango direla gaineratu zuen, kanporaketa etxean erabakitzeko aukerarekin.
Klubak nabarmendu duenez, hitzordu hau Kopako partida bat baino gehiago da zaleentzat, arratsalde bereziaz gozatzeko eta taldea animatzeko aukera baita. Anaitasunak Tedeon gaindituz gero, Errege Kopako lehen kanporaketan arituko litzateke, eta bertan LaLiga EA Sports-eko talde baten aurka jokatzeko aukera izan lezake, Superkopako lau parte-hartzaileak salbu.
Horren harira, klubak zale guztiak animatu ditu larunbatean Txerloira joatera eta harmailak betetzera. Sarreraren prezioa 10 eurokoa izango da, baina Anaitasunako bazkideentzat eta 18 urtetik beherakoentzat doakoa izango da.
Bestalde, denboraldi hasiera ere aipatu du klubak. Gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako taldeak 4-1 irabazi zion Aloña Mendiri Txerloian, baina ondoren 3-0 galdu zuen Zumaiakoren aurka. Emakumezkoen taldeak, berriz, hasiera bikaina izan du Euskal Ligan, Zarautzi 0-3 irabazita, eta sailkapeneko hirugarren postuan da. Igandean, hilak 27an, Arratia B-ren aurka neurtuko ditu indarrak etxean.
Azkenik, gogorarazi dute ostegunean ere jaso ahal izango direla 2026-2027 denboraldirako bazkide txartelak, Plazaberrian kokatuta dagoen arreta lekuan, 18:00etatik 19:00etara.




