Hirigintza Zerbitzuen Elkartearen bitartez, etxebizitzen plangintza, programazioa eta kudeaketa, baita hirigintza-arloko antolamendua ere, bideratu nahi dute hiru udalek. Horretarako, arkitekto lanpostu bat sortuko dute elkarlanean, udalerri horietako hirigintza-zerbitzuak bermatzeko ezinbestekotzat jotzen dutena.
Lanpostu berria udaletako plantilla organikoetan eta lanpostuen zerrendetan jasoko da. Zehazki, Berastegiko kasuan lanaldiaren %30 izango du, eta %20ra jaitsiko da beste bi herrietan. Orain arte, hirigintzari lotutako zerbitzuak kanpora kontratatu izan dituzte, baina sortu berri duten elkarteari esker, hemendik aurrera zuzenean emango dute zerbitzu hori.
Berastegiko Udalak egingo du arkitektoaren lan-eskaintza hiru udalerrien izenean. Elkartearen helburua 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriei zerbitzuak kudeatzeko ahalmen handiagoa ematea da, eta horretarako, jarraipen-batzorde bat ere eratuko dute.




