Asteasuko elkarretaratzean, «haserrea eta samina» plazaratu nahi izan dute. Indarkeria matxistak urte honetan jada lau emakume hil dituela gogorarazi dute, eta «nahikoa dela» aldarrikatu dute, datuek «errealitate gordin eta jasanezin bat» erakusten dutela azpimarratuz.
Protestan parte hartu dutenek argi utzi dute gertatutakoa ez dela «zoratutako gizon baten ekintza isolatu bat», baizik eta «sistema zisheteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialak» elikatzen duen egiturazko arazo baten isla. Sistema horrek emakumeak eta gorputz disidenteak egoera ahulagoan kokatzen dituela salatu dute, zapalkuntza ardatz anitzen gurutzaketa nabarmenduz.
Egoeraren larritasunaren aurrean, «urgentziazko neurri errealak» eskatu dituzte erakunde, instituzio eta gizarte osoari zuzenduz. «Hitz politak eta protokoloak soberan daude; hitzetatik ekintzetara jauzia emateko garaia da», adierazi dute.
Autodefentsa Feminista tresna gisa aldarrikatuz, «kaleak hartzera eta antolatzera» deitu dute, «nazkatuta» daudela adieraziz.




