Lehenbiziko bi edizioek izan zuten arrakasta nabarmena ikusita, orkestrak herritarrak gonbidatu nahi ditu berriz ere eszenatoki garrantzitsuetan abestera. Kontzertuak Iruñeko Baluarte Auditoriumean (azaroak 24), Euskalduna Bilbao Jauregian (azaroak 25), eta Donostiako Kursaal Auditoriumean (azaroak 26 eta 27) izango dira.
Parte hartu nahi duten herritarrek, gutxieneko musika-prestakuntza eta partiturak irakurtzeko gaitasuna izanez gero, Euskadiko Orkestraren webgunean eman beharko dute izena, ekainaren 23rako beranduenez. Guztira 132 ahots bildu nahi dira, aurretik parte hartu dutenak zein berriak.
Entseguak irailaren 16tik azaroaren 20ra bitarte izango dira Miramongo egoitzan, eta ahalik eta gehienetara joatea eskatuko da. Bizkaiko eta Arabako parte-hartzaileei erraztasunak emateko, lehen hiru entseguak Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioan errepikatuko dira.
Errepertorio berria hiru lanek osatuko dute: Vivesen Doña Francisquita laneko 'Coro de Románticos', Iparragirreren 'Hara nun diran' Sorozabalen bertsioan, eta Verdiren I Lombardi operako 'O signore, dal tetto natío'. Interpretazio horiek 10 eta 15 minutu artean hartuko dituzte kontzertuetatik. Easo Abesbatzako 40 kidek lagunduko dute aukeratutako herritarren abesbatza, Gorka Mirandak zuzenduta.
“"Horietako batzuentzat agian amets bat da orkestra handi baten ondoan eta eszenatoki garrantzitsuetan zuzenean abestea."
Ekimen hau ARTIS+ proiektuaren barruan kokatzen da, artea gizarteratzeko helburuarekin. Euskadiko Orkestrak 2027ra arte parte hartuko du Europako lankidetza-proiektu horretan, besteak beste, Orchestre National du Capitole de Toulouse, L'Auditori eta Bartzelonako OBC Orkestra eta Pauko Orkestra bezalako bazkideekin.




