Bilboko Koral Elkarteak BBKrekin elkarlanean antolatu du BBKantuz Txiki haur abesbatzen topaketa, larunbaterako, ekainaren 13rako, Bilboko Isozaki Dorreen zabalgunean. Ekitaldiak ehun abeslari gazte inguru bilduko ditu "musika, komunitatea eta haurtzaroa uztartzen dituen publikoari irekitako ospakizun batean".
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, BBKantuz Txiki "Bizkaiko haur abesbatzen musikaren sustapenerako hitzordu garrantzitsu" gisa sendotzen da hirugarren urtez. Topaketak aukera ematen die belaunaldi berriei beren talentua partekatzeko, elkarrekin bizitzeko eta ingurune parte hartzaile eta aberasgarri batean artistikoki garatzeko.
Aurtengo edizioan parte hartuko dute Bilboko Koral Elkarteko haur abesbatzek (Haur Abesbatza, Prestakuntza Abesbatzak eta Eskolan Kantari proiektukoak), Bilbao Musikako Haur Abesbatzak Maite Olmosen zuzendaritzapean, eta Llura Abesbatzak Mariasun Yangüasen gidaritzapean. Musika herrikoian oinarritutako errepertorioa eskainiko dute.
Bestalde, Jose Luis Ormazabalek zuzenduko ditu Bilboko Koral Elkarteko haur abesbatzak, Alberto Saez Puente pianoan lagun dutela. Eskolan Kantari proiektu soziohezitzaileko abesbatzak berriz, Emma Lopezek zuzenduko ditu.
BBKantuz Txikik ez du soilik abesbatzen musika eta haurtzaroa ospatzen; lankidetza, inklusioa, errespetua eta partekatutako poza bezalako balioak ere sustatzen ditu, musika komunitate osoa batu eta kohesionatzeko tresna bihurtuz.
Topaketaren amaieran, parte hartuko duten talde eta abesbatza guztiak elkartuko dira emanaldi bateratu batean, "abesbatzen kantuaren indar kolektiboa nabarmentzeko".




