Bermeon, euskara ikasten hasteko "aitzakiarik ez" dagoela nabarmendu dute. Urrian hasiko dira gurasoentzako eta etorkinentzako euskara ikastaroak, eta izena emateko epea irailaren 23ra arte egongo da zabalik Berhaz bulegoan zein dagokion euskaltegian. Gainera, herriko hiru zentroetan 2026-2027 ikasturterako matrikulazio kanpainak ere martxan dira.
Bermeoko Udalak Euskara Sailaren bidez antolatu ditu eskolak, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiekin elkarlanean. Helburua da familia bidezko transmisioa indartzea, euskara ez dakiten gurasoei erraztasunak emanez, eta baita Bermeora kanpotik etorri direnentzat euskara ikasteko aukera zabaltzea ere.
Iker Bilbao San Nikolas euskara zinegotziak azaldu duenez, ikastaroak urrian hasi eta ekainera arte luzatuko dira. AEK euskaltegiak eskainiko dituen gurasoentzako ikastaroetan, seme-alabekin komunikatzeko trebetasunak landuko dituzte, ulermena garatu eta hitz egiteko gaitasuna hobetuz. Klaseak astean birritan izango dira, bi ordukoak, eta "metodologia praktikoa" erabiliko dute egunerokotasunarekin loturiko ariketekin.
Aurten, HABE k 120 euroko euskara bonua jarri du martxan. Bonu horrekin, hasiera maila duten ikasleek lau ikasturte edo 720 orduko klaseak jaso ahal izango dituzte. Maila altuagoa dutenentzat, ikasketa ibilbidea murriztu egingo da, A2 mailara arte.
Etorkinentzako ikastaroen ardura, berriz, Gotzon Garitaonaindia euskaltegiak hartuko du. Helburu nagusia etorkinei euskara ikasteko aukera ematea da, "integrazio errazagoa" izan dezaten. Ikastaro hauetan ere astean lau orduko eskolak izango dira, bi egunetan banatuta, eta "komunikatzeko oinarrizko gaitasuna" lantzen da HABE ren Aisa metodologiaren bitartez. Prezioa 10 eurokoa da, materialaz aparte, eta HABEren bonua jasotzeko aukera ere badago.
Bestalde, Hizkuntza Eskola Ofizialak ere eskaintza zabala du 2026/2027 ikasturterako, "maila guztietako" taldeak eskainiz. "Oinarrizko komunikazioa lortzea" dute helburu, "giro abegikorrean eta ikasle bakoitzaren ezaugarriak kontuan izanik", "metodologia komunikatiboa eta aktiboa" erabiliz. Izena emateko epea abenduaren 30era arte egongo da zabalik, nahiz eta gehienek irailean hasten duten.
Hiru zentroetako informazio eta erraztasunak kontuan hartuta, ikasturte honetan euskara ikasten ez hasteko "aitzakiarik ez" dagoela adierazi dute arduradunek. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea "oso pozik" agertu da, eta herritarrak animatu ditu ikastaroetan parte hartzera.
Ekitaldian, Bitor Uriarte euskaltzale eta herrigintzaren aldeko langilea ere gogoratu dute, Bermeon euskararen alde egindako lanagatik. Udalak urriaren 10ean omenaldi ekitaldi ofiziala antolatuko du bere omenez.




