Kanpainak gizonezkoen osasunaren hiru arlo nagusitan jartzen du arreta: prostatako minbizia, testikulu minbizia eta osasun mentala, bereziki suizidioaren prebentzioan. Helburua da gai hauen inguruko informazioa zabaltzea, goiz detektatzearen garrantzia azpimarratzea eta gizonek beren osasunaz eta ongizate emozionalaz modu naturalagoan hitz egiteko espazioak sortzea.
Ikerlan onkologikoari dagokionez, Movemberrek finantzatutako bi proiektu nabarmendu dira: TIGER saiakuntzak testikulu minbizia duten pazienteentzako tratamendu egokienak aztertzen ditu kimioterapiatik berriz agertzen denean, eta IRONMAN proiektuak nazioarteko datuak eta esperientziak biltzen ditu prostatako minbizi aurreratua duten pazienteekin, tratamenduen eraginkortasuna hobetzeko.
Prebentzioari dagokionez, mediku-azterketak egitearen eta gorputzean antzematen diren aldaketei erreparatzearen garrantzia gogorarazi da. Osasun mentalari dagokionez, gizonek beren emozioak, kezka eta zailtasunak partekatzeko beharra azpimarratu da, elkarrizketa zintzoak eta elkarrekiko babes-sareak sustatuz.
Ordiziako alkateak, Adur Ezenarrok, osasunaz hitz egitearen eta elkarri zaintzearen garrantzia nabarmendu du: «Batzuetan, kostatzen zaigu kezkatzen gaituen zerbait esatea, mina sentitzea edo laguntza behar izatea. Aurrera jarraitzera, eustera eta, askotan, isilik egotera ohitu gara. Baina isilik egoteak ez gaitu indartsuago egiten. Indarra zaintzean, behar dugunean laguntza eskatzean eta ingurukoei nola dauden galdetzean datza».
Alkateak gaineratu duenez, Movemberrek prebentzioaz, osasun mentalaz eta minbiziaren inguruan hitz egiteko aukera eskaintzen du, baina baita urte osoan zehar elkarrizketa horiek mantentzeko ere. "Herri bat ez da soilik plazek, kaleek eta eraikinek osatzen, elkarri zaintzen dioten pertsonek baizik", adierazi du. Azkenik, kanpaina antolatzen eta bultzatzen duten guztien lana eskertu du eta herritarrak ekimenera batzera animatu ditu.
Azaroan zehar, Goierri MoHerrik hainbat jarduera antolatu ditu kanpaina ezagutzera emateko, herritarren parte-hartzea sustatzeko eta ikerketarako funtsak biltzeko. Azaroaren 12an, Javier Asparren urologoak prostatako minbiziari buruzko hitzaldia emango du Beasaingo ekitaldi aretoan. Azaroaren 17an, Alexander Muela doktoreak, psikologoa eta EHUko irakaslea, suizidioaren prebentzioari buruz hitz egingo du Ordizian, "Bizitzak salbatzen dituzten elkarrizketak" izeneko saioan.
Ekitaldi solidarioei dagokienez, azaroaren 13an umore-ikuskizuna izango da Ordiziako Herri Antzokian, Gorka Aginagalde, Iñigo Salero, Alex Rabanal eta Kike Biguri arituko direla. Azaroaren 20an, Beasaingo Plazape-k ranchera-arratsaldea hartuko du Chuchín Ibáñezekin, eta ondoren DJ Txominek girotutako dantzaldi soziala izango da.
Horrez gain, 75 bat kutxa jarriko dira diru-bilketak egiteko Goierriko taberna eta establezimenduetan. Taldea azaroaren 7an ere izango da Beasaingo Morcilla Lehiaketan eta Ordiziako, Beasaingo eta Lazkaoko ferietan, kanpainako produktuak salduz, hala nola poloak, poltsak, motxilak eta botila berrerabilgarriak.
Goierriko kirol klubek ere Movemberri ikusgarritasuna emango diote, beren partiden hasieran pankarta bat erakutsiz. Taldeak bereziki nabarmendu du Antzar triatloi taldeko kideen lana, urtero Mójate Lazkao ekimena antolatzen baitute bertako igerilekuan dirua biltzeko.
Joan den urtean, Goierri MoHerrik 8.743 euro bildu zituen Movemberren alde antolatutako ekimenen bidez, eta horrek taldea Estatu mailan diru-bilketa handiena egin zuten taldeen artean bigarren postuan jarri zuen. Aurten, kopuru hori gainditzea dute erronka.
Aurkezpenean, taldeak eskerrak eman dizkie kanpaina babesten duten pertsona eta erakunde guztiei. Halaber, Eukene Lekuonaren lana aitortu du, azken 11 urteetan ekimenaren kartelak eta merchandising produktuak diseinatu baititu. Aurten, Markel Galdeanok hartu du diseinu-lanen lekukoa.
Movember kanpainak gizonezkoen osasunari buruz hitz egiteko, prebentzioa sustatzeko eta Goierrin ikerketa babesteko aukera eskainiko du azaroan. Taldeak herritar guztiak animatzen ditu ekitaldietan parte hartzera eta kanpainaren mezua zabaltzera, bizarra jantzita.




