Julen Alberdi Txikia IV.a herri kirolari azkoitiarrak bere nagusitasuna berretsi du Euskal Duatloian, bigarrenez txapela jantzita. Tolosako zezen plazan ospatu den final handian, iazko bere marka hobetu du azkoitiarrak, 38 segundo azkarrago osatuz probak. Ibai Soroa sailkatu da bigarren, eta Xabier Zaldua hirugarren.
Hamaika kirolarik hartu dute parte aurten ere, aizkora eta korrikako lanak uztartuz. Lehenik, 45 ontzako enborra etzanda eta zutik ebaki behar izan dute, eta ondoren, 500 metroko korrikaldia egin dute zezen plazan bertan. Ariketa hauek lau aldiz errepikatu dituzte lehiakideek.
“"Aurkariei tartea zabaltzen ari nintzela ikustean, poz horrekin, sufrimenduaren barruan nahikoa erraz egin dut aurrera."
Alberdik erakustaldi nabarmena eman du, eta bere hitzetan, gozatu egin du finalean. "Aurkariei tartea zabaltzen ari nintzela ikustean, poz horrekin, sufrimenduaren barruan nahikoa erraz egin dut aurrera", adierazi du. Horrela, bigarren urtez jarraian txapela eskuratu du.
Sailkapen nagusian, Alberdiren atzetik, Ibai Soroa (00.26.20) eta Xabier Zaldua (00.27.08) izan dira hurrenez hurren. Zerrendan agertzen dira baita ere Aitzol Atutxa, Eneko Saralegi, Eloy Kortxero, Oier Mitxelena, Julen Kañamares, Oier Kañamares, Ioritz Gisasola eta Julen Larrea.




