Hibaika, San Juan eta Hondarribia traineruak lehian arituko dira gaur arratsaldean, Kontxako Banderarako txartela eskuratzeko helburuarekin. Guztira, hemeretzi taldek hartuko dute parte estropadan, iaz baino bi gutxiago. Horietatik zazpi sailkatuko dira irailaren 6an eta 13an jokatuko den Kontxako Banderan parte hartzeko. Arraun Lagunak taldeak, ordea, ez du lehiatu behar izan, dagoeneko plaza ziurtatuta baitu.
Oarsoaldeko bi traineru, Hibaikakoak eta San Juanekoak, eta Bidasoko Hondarribia dira faborito nagusiak. Batelerak hirugarren sailkatu ziren Euskotren Ligan, eta Hibaikakoak seigarren. Hondarribia, berriz, ETE Ligan aritu da aurten, eta liga hori irabazita eta lan bikaina eginda, txartela lortzeko aukera handiak ditu, nahiz eta Zarautz gertu-gertuan izan duen.
Oarsoaldeko bi ontziek eta Hondarribiak Kontxan aritzea litzateke agertoki ideala. Madalen ontzikoentzat (San Juan) hamalaugarren urtea izango litzateke Kontxan lehiatzen. Batelerentzat, berriz, iazko porrota ahazteko aukera izango lukete, aurreko urtean ez baitziren sailkatu. Hondarribiak duela urtebete lortutako txartela errepikatzea denboraldia biribiltzeko osagai ezin hobea litzateke.
Hemeretzi ontziak bi taldetan banatuta arituko dira erlojupeko proban. A taldea izango da lehiatzen lehena, eta bertan arituko dira Hibaika, Hondarribia, San Juan, Astillero, Donostiarra, Perillo, Orio, Tolosaldea, Zarautz eta Zumaia. B taldean, berriz, Castropol, Deustu, Esteirana, Chapela, Kaiku, Lekittarra, Ondarroa, Tiran eta Amegrove arituko dira.
Irteera hurrenkera zehatza beheko koadroan kontsulta daiteke. Oarso Bidasoko hiru ontziek txartela lortuko duten jakiteko arratsaldera arte itxaron beharko da, baina borrokatuko dutela ziurtzat jo daiteke.




