Donostiako Campusean Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eraikiko duen egoitza berriaren eraikuntza prozesua hasiko da. Horretarako, lehen urratsa campusaren pabiloiak eraistea izango da, hauek baitira egoitza berriak hartuko duen azalera zati bat okupatzen dutenak. Ikasleentzako zerbitzu berria Manuel de Lardizabal pasealekuaren eta Berio pasealekuaren artean kokatuko da, Agud Querol unibertsitate egoitzaren, Zuzenbide Fakultatearen eta Ignacio Mª Barriola Zentroaren artean. Pabiloien eraispena abuztuan gauzatuko da.
Ikasleen egoitza hartuko duen eraikinak 8.000 m²-ko azalera eraikia izango du. Bost eta sei solairuko hiru bolumenek osatuko dute, eta 250 gela inguru izango dituzte, tipologia ezberdinetakoak, sukalde indibidualarekin. Horrez gain, hamar bat apartamentu txiki ere izango dira ikertzaile postdoktoralentzat.
Sarrera nagusia Berio pasealekuan kokatuko da. Portxe ireki batetik eraikinaren ipar-mendebaldeko muturra zeharkatuko du. Beheko solairuan erabilera komuneko zerbitzuak egongo dira, hala nola kafetegia, harremanetarako guneak, coworking gunea eta EHUri dagozkion 300 m²-ko espazioak. Azken solairuan, campusari begira dagoen bolumenean, solariuma eta gimnasioa kokatuko dira.
Egoitza berri honek graduko eta graduondoko ikasleen eskari handiari erantzungo dio; gela moten %85 hauentzat gordeko da. Gainerako erabiltzaileak nazioarteko ikasleek, irakasle eta ikertzaile bisitariek, eta unibertsitate munduari lotutako beste egoiliar batzuek osatuko dute.




