Zumaiaren hirugarren bizitza: tren geltoki zaharra turismo bulego eta museo bihurtu da

Mendeurreneko eraikinak, garai batean moila komertziala eta osasun zentroa izan zenak, bere hirugarren etapa hasten du.

Irudia generikoa da: Zumaia turismo bulegoa eta museoa duen geltoki zaharra.
IA

Irudia generikoa da: Zumaia turismo bulegoa eta museoa duen geltoki zaharra.

Zumaiaren tren geltoki zaharra, duela mende bat eraikia eta hainbat erabilera izan dituena, turismo bulego eta historia museoa gisa inauguratu dute, ondarea eta etorkizuna uztartuz.

Garai batean Urola bailaratik zetozen materialak kargatzen zituzten zamaontzien lekua zen gaurko Gernika parkea. Bertan, duela mende bat eraiki zuten tren geltokia Moilaberrin, Urolako trena martxan jarri zenean. Geroago, Zumaiako Osasun Zentroa izan zen, eta orain, urte luzez hutsik egon ondoren, ondare gisa babestutako eraikinari hirugarren bizitza eman diote: bertan kokatu dute Zumaiako Turismo Bulegoa eta herriaren historiako pasarteak jasotzen dituen museoa.
Gaur eguerdian egin dute eraikinaren inaugurazio ofiziala. Ekitaldian, erakundeetako ordezkariez gain, aurrez geltoki zaharreko erabiltzaile izan zirenak gonbidatu dituzte. "Geltokia zenean jende bat bertan bizi izan zen, baita jaio ere, eta haiek gonbidatu nahi izan ditugu. Baita anbulatorioa zeneko sendagile, erizain edota administrariak ere", azaldu du Iñaki Ostolaza alkateak. Ekitaldia Maria Zubimendi akordeoi-jotzaile zumaiarraren doinuek girotu dute.
Esti Irureta, Zumaiako Udaleko turismo teknikariak, duela 25 urte sortu zen Turismo Sailaren ibilbidea gogoratu du. Nahiz eta bulegoa Moilaberriretik hurbil egon den beti, eraikin berrira mugitzeak ilusio berezia sortzen diela adierazi du. Nabarmendu du bulegoak bisitariei ez ezik, herritarrei ere eskaintzen diela zerbitzua, eta eraikin enblematiko hau herritarrek "maite duten" etxea dela gaineratu du.
Iñaki Ostolaza alkateak eskerrak eman dizkie eraikina eraberritzeko laguntza eman duten erakundeei, proiektuan lan egin duten sailei eta museografia proposamena ontzen lagundu duten elkarteei. Eraikinari, bere 100 urteko historian zehar geltoki eta anbulatorioa izan ondoren, hirugarren bisita ematea helburu izan dutela azpimarratu du. "Zumaiaren sarrerako geltokia zen, lehen kontaktua eskaintzen zuen, eta egoki ikusten genuen Turismo Bulegoa ere bertara eramatea", adierazi du. Gainera, eraikinak bisitariei zerbitzua emateaz gain, "herritarren elkargune" izatea nahi dutela gaineratu du.
Behe solairuan, bisitari zein herritarrentzako informazio guneak jarri dituzte, eta bertan Zumaiako, bailarako zein Geoparkeko informazioa eskainiko dute, baita herriko beste zerbitzuetan parte hartzeko gonbidapena ere, hala nola, hiltegi zaharrean atontzen ari diren Flyschenea zerbitzua.
Lehen solairuan, berriz, Zumaiako industria-ondarearen testigantza jasotzen duen museoa prestatu dute. "Kanpotik datozenek, baina baita bertakoek ere, ezagutu behar dute nondik gatozen, zein den Zumaiaren izaera, eta norantz egin behar dugun", esan du alkateak.
Azahara Dominguez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Diputatuak, gaurkoa Zumaiarentzat eta Urola Kosta guztiarentzat "egun garrantzitsua" dela adierazi du. Turismo bulegoak "gure aurkezpen gutunak" direla eta bisitariek aurkitzen dituzten "lehen ateak" direla azpimarratu du. Gainera, turismoa sektore ekonomiko garrantzitsua dela gogorarazi du, Gipuzkoan 40.000 pertsona lan egiten dutela sektorean.
Javier Hurtado, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Komertzio eta Kontsumo Sailburuak, proiektuaren hasiera eta bukaera bizi izan dituelako pozik agertu da. "Politikagintzan gutxitan ikusten ditugu proiektu batzuen hasiera eta bukaera", esan du. Next Generation funtsen bidez finantzatu diren proiektuen artean dagoela gogorarazi du.