Zumaia k abuztua hasiko du larunbatean, Gala Gaua ospatuz. Ekitaldi hau, jatorriz ongintzako helburuarekin sortua XX. mendearen erdi aldera, herritarrak galaz janztera eta festa giroan parte hartzera gonbidatzen ditu.
Garai batean, Beheko Plaza hesitu eta orkestraren musikarekin dantzaldiak egiten ziren, bildutako dirua San Juan egoitzara bideratuz. Gaur egun, dantzaldiak historian geratu badira ere, herritarrek tradizioari eusten diote eta gala gauerako jantzi dotoreekin prestatzen dira.
Aurten ere, Saregile plazan argazki txoko bat egongo da 19:00etatik aurrera, bi orduz. Bertan nahi dutenek oholtza txikira igo eta argazkia ateratzeko aukera izango dute. Irudi hauek igandean ikusgai egongo dira Zumaiaguka.eus webgunean.
Musikak ere zeresan handia izango du. 19:00etan, Kita del Pare txarangaren kalejira izango da. Ondoren, 22:00etatik aurrera, Beheko Plazan, La Banda del Pop taldeak 80ko hamarkadako abestien bertsioak joko ditu. Jarraian, Oizeder Mayo eta Oihan Vega DJen saioek girotuko dute gaua.




