Muxikako Gorozika, Murueta eta Nabarniz herriek Andra Mari jaiak ospatuko dituzte datozen egunetan. Jai giroa ziurtatuta egongo da auzoz auzo, eta egitarauak ez du etenik izango.
Gorozikan, jaiak gaur, irailaren 4an, hasiko dira txupinazoarekin eta ondoren mus txapelketa jokatuko da. Bihar, irailaren 5ean, zesta punta eta esku pilota partidak izango dira, jarraian auzotarren arteko herri bazkaria egingo delarik. Trikitilariek eta su artifizialek ere girotuko dute eguna. Domekan, irailaren 6an, umeen jolasek hartuko dute protagonismoa, eta Andra Mari egunean, irailaren 8an, egun osoko egitaraua izango da, mezarekin eta hamaiketakoarekin hasita, eta arratsaldean briska txapelketa ere izango da.
Nabarnizen sei eguneko jaiak antolatu dituzte. Astelehenean hasiko dira, 19:30ean pregoia botaz eta ondoren bakailao janean elkartuko dira. Asteartean, meza, hamaiketakoa, triki-poteoa, magia ikuskizuna eta umeen jolas parkea izango dira. Zapaturako, irailaren 7ra arte eman daiteke izena herri bazkarirako, eta mozorrotuta joateko deia egin diete herritarrei. Arratsaldean, umeen jolasak eta Hamarrabakas txaranga izango dira, eta 22:00etan hasiko dira kontzertuak Streetwise, Gautegun eta DJ Arene taldeekin. Domekan amaituko dira jaiak, herri kirol erakustaldiarekin eta esku pilota jaialdiagaz.
Muruetan, jaiak irailaren 8an hasiko dira ohorezko aurreskuagaz. Herri kirolak, txapelketak eta musika izango dira nagusi. Gainera, Gernikako Arkupe Sustabiz Kirol Elkarteko jokalarien artean lau partida jokatuko dira, eta ondoren, Aitor Etxebarria eta Gaizka Karregal arituko dira elkarren aurka. Eguaztenean, Julen Axperen Furgonologo komedia saioa ere izango da.
Irailaren 12a norgehiagokaz betetako eguna izango da Muruetan: paella txapelketa, tortilla txapelketa eta briska txapelketa. 22:00etatik aurrera, Txapela Brava taldearen txanda izango da.
Hurrengo egunean amaituko dira jaiak Muruetan. Mezagaz hasiko dute eguna, eta ondoren euskal dantzak eta bertso saioaz gozatzeko aukera egongo da. Umeen jolasak eta goitibeherak tarteko, mus txapelketaren ostean agurtuko dituzte jaiak.




