Azpeitiko Udalak Foru Ibilbideko erakusketa aretoan zabaldu du gaur 'Frankismoak errepresaliatutako emakumeak. Gipuzkoako kasua' erakusketa, irailaren 27ra arte egongo dena ikusgai. Aranzadi zientzia elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean osatutako lana da.
Erakusketarekin batera, bi bisita gidatu ere eskainiko dira: ostegunean, 17:00etan, eta hilaren 24an, 18:00etan. Parte hartzeko, aldez aurretik eman behar da izena lotura honetako galdetegia beteta.
Azpeitiko Udala eta Aranzadi zientzia elkartea 2013. urtetik ari dira elkarlanean memoria historikoa aztertzen. Hitzarmen horren barruan eta Oroimen Historikoaren Egunari lotuta antolatu dute erakusketa. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak aurkezpenean adierazi zuenez, historia gizonezkoen ikuspuntutik kontatu izan dela eta horrek emakumeak ikusezin bihurtu dituela azpimarratu zuen, memoria historikoan genero ikuspegia lantzearen garrantzia nabarmenduz.
Erakusketaren jatorria Ione Zuloagak 2023an argitaratutako 'Frankismoa jasan zuten emakumeak: Gipuzkoako kasua' ikerlana da, 1936-1945 arteko errepresioa aztertzen duena. Javier Buces Aranzadiko ikertzaileak nabarmendu duenez, Euskal Herri mailan lurralde oso bat kontuan hartuta egindako lehen ikerlana da.
Erakusketak, ordea, frankismoaren amaierara arteko garaia jorratzen du, 1975era artekoa. Lau zati ditu: lehenengoan, testuinguru historikoa (bi mundu gerra arteko garaia eta II. Errepublika) eta emakumeek lortutako eskubideak azaltzen dira; ondoren, faxismoaren etorrerak horiek bertan behera utzi zituela gogorarazten da.
Gainerako hiru zatietan, frankismoko hiru garai ezberdinetan emakumeek jasandako errepresioa kontatzen da: gerran izandako "kridelkeria gordina", gerraosteko "urte ilunetako" zeharkako errepresioa, eta 1960ko hamarkadaren bukaeratik 1975era arteko antifrankismoaren gorakadari frankismoak emandako erantzuna (tortura, kartzela, hilketak).
Edukia ulertzeko, hainbat elementu eta pertsonen testigantzak jarri dituzte erakusgai. Bucesek azaldu duenez, historia kontatzerakoan ahaztu egiten da izen-abizenak dituzten pertsonak daudela atzean. Horregatik, hautetsontzi bat eta fitxa batzuk jarri dituzte erakusketaren lehen zatian, bisitariek errepresioa jasan zuten emakumeen berri eman ahal izateko eta Aranzadik testigantzak jasotzeko.




