Asteburu honetan jokatu da Shelter 4Teens txapelketaren hamargarren edizioa, Borghetton inguruan, eta guztira 174 surflarik parte hartu dute. Aurtengo edizio berezia izan da, urteurrena ospatzeko open mailako lehia indartu baitute, aurreko urteetan nabarmendu diren hamasei surflarirekin, ohiko gazteen eta surf egokituko txapelketekin batera.
Ostiralean hasi ziren open mailako saioak, eta finalak larunbat arratsaldean ospatu ziren ikusmin handiarekin. Emakumezkoetan, Kanarietako Lucia Machado izan zen txapeldun, eta gizonezkoetan, berriz, Zarauzko Iker Amatriain nagusitu zen. Bi irabazleek 1.500 euroko saria eskuratu zuten. Bigarren sailkatuak, Nora Alvarez eta Hans Odriozola izan ziren, bakoitzak 1.000 euro jasoz.
14 urtez azpiko kategorian ere maila altua erakutsi zuten Euskal Herriko, Espainiako eta atzerriko surflariek. Nesketan, Asturiasko Martina Pertega izan zen garaile, eta mutiletan, Guadalupe uharteetako Ruben Husson. Gainera, zortzi finalistek lau eguneko surf egonaldia irabazi zuten, Aritz Aranburu, Indar Unanue, Iker Amatriain eta Rudy Palmboom surflariekin.
Larunbat arratsaldean, berriz, 10 urtez azpiko talde mistoko eta surf egokituko finalak jokatu ziren. Talde irabazlea Helene Morris, Markel Artano, Jakes Ruiz Barrena, Adur Gonzalez-Etxabarri Martiartu, Ibon Treviño eta Aritz Flabeauk osatu zuten. Surf egokituko finalean, berriz, Iker Osa izan zen garaile.




