Eitzagako iragana mapetan: Zumarragako lehen kalearen historia

Bi dokumentu grafikok, bata 1767koa eta bestea 1877koa, Eitzaga auzoaren bilakaera erakusten dute.

Irudi generikoa: Eitzagako mapa historikoa, baserri zaharrak eta errege-bide berria erakusten dituena.
IA

Irudi generikoa: Eitzagako mapa historikoa, baserri zaharrak eta errege-bide berria erakusten dituena.

Zumarragako lehen kalea izan zen Eitzaga, eta bere historia mapetan jasota geratu da, duela mende asko.

Zumarragako lehen kalea Eitzaga izan zen. Herri izaera zuen auzo honen sustraiak sakon atzeratzen dira historian, duela gutxi Valladolideko Chancilleria auzitegiko artxiboan aurkitu eta Gotzon Aranburu kazetariak zabaldutako bi dokumentu grafikok erakusten duten bezala.
Lehenengo planoak, Manuel Ignacio de Muruak 1767an egina, oraindik zutik dirauten baserri ugari eta garai hartan eraikitako ‘kotxeen errege-bide berria’ agertzen ditu. Gainera, lehenagoko bide nagusiaren ibilbidea ere argi azaltzen da: bailara hondoko erreka-zuloan barrena Aldasbarren baserriraino zihoan, eta hortik zuzenean gora, Eitzagaraino. Bi bideen lokailu zen herri bidea, Agirretxeberrira zihoana, ere ageri da.
Errege-bide berria Kortaberri eta Ameztinetxeberri etxeen artealdera ailegatzen zen antzina, eta metro batzuk beheraxeago lotzen zitzaion lehengo bide zaharrari, zertxobait aldatuta orain.
Bigarren planoak, 1877koa, Eitzaga kale luze bat zela erakusten du. Ermitatik aurrera, atari bikoitiak alde batean eta bakoitiak bestean zituen. Zenbakituak egon arren, etxe bakoitza bere izen bereziarekin zen ezaguna.
Bikoitiak ziren besteak beste: Koletokoa, Serotetxea, Izagirre, Jaureginea, Katekoa, Kalemusu, Labekoa, Urbiskoa, Galantekoa, Urtenea, Tantelu zaharra eta berria. Bakoitiak berriz: Mujikanea, Junrdangoa, Kortaberri, Aranburu, Maioranea, Artetxene zaharra eta berria, Barberokoa, Ameztinetxeberi, Izurtza, Matxinea, Pilutokoa, Sagastiberria, Araizteginea eta Ameztinea.
Etxe izenek ere beren historia saltzen dute, ofizio, leku edo maizterren berri emanez. Adibidez, Katekoan, foru zerga kobratzeko katearekin errepidea ixten zuten.