Irudi zahar batek iraganeko loturak argitzen ditu

Oñatiko jaietako argazki batean, iraganeko emakumeen arteko konplizitatea eta indarra nabarmentzen dira.

Irudi generikoa: emakume gazteen talde bat argazki zuri-beltzean, jai giroan.
IA

Irudi generikoa: emakume gazteen talde bat argazki zuri-beltzean, jai giroan.

Oñatiko jaietako argazki zahar batek iraganeko emakumeen arteko lotura, goxotasuna eta indarra erakusten ditu, gaur egungo bizitzan ikusia izatearen garrantzia azpimarratuz.

Aitak aipatu zuen Oñatiko neskameen inguruko lana osatzen ari zela, eta antzinako argazkien artean aurkitu zuela irudi hau. Bertan, Madalenako jaiak eta herriko beste argazki zahar batzuk ageri dira. Tartean, irribarretsu ageri dira aitona eta amona, gaztaroan harrapatuta, guk inoiz ezagutu ezin izan dugun garai batean.
Gizonezkoen taldeen argazkiak ohikoagoak diren arren, bada argazki bat non amona neska kuadrilla handi batean ageri den, ederra, beste emakume bati gainetik besoa gurutzatzen diolarik. Bitxia da nola kontatzen edo ikusten ez dugun arte ez ditugun gure adinekoak bestela imajinatzen.
Argazkian ez da nabaritzen gerora etorriko zen nekeza edo kezkarik. Gorputzak lasai daude zuri-beltzeko jantzi eta orrazkera zainduetan. Ez da erraza jakitea argazkiko emakumeak nor diren, noiz atera zen argazkia, zenbat urte zituzten, edota zenbat aldiz elkartuko ziren berriz.

"Ez amama bakarrik ikusten dudalako, baizik eta emakume haien arteko lotura ere sumatzen dudalako."

idazlea
Adiskidetasunari diodan estimuagatik edo, horregatik uste dut gelditzen naizela hainbeste denbora argazki honi begira. Ez amama bakarrik ikusten dudalako, baizik eta emakume haien arteko lotura ere sumatzen dudalako. Irudi horretan badago zerbait berezia: goxotasuna, lagunartea, konplizitatea, ekiteko gogoa, indarra.
Batzuetan, begira egongo balira bezala da, mezuren bat esan nahiko balidate bezala; horregatik daukat armairua zabaldu eta egunero begi-bistan. Maite ditudanak zaintzeko gonbita egingo balidate bezala da. Jaiok dioen moduan, bizitzan konturatzen baitzara batzuetan jende askok begiratzen zaituela baina ez zaituela ikusten, eta badagoela benetan ikusten zaituen jendea, zure itxura ikusteaz gain, zure barneko lurraldea ezagutu eta zaintzeaz arduratzen dena. Gutxi izanagatik ere, nahikoa dela horrelakoak existitzea. Ikusia izateko, eta, noizean behin, baita besteren bati besotik heltzeko.