Joan den ostegunetik aurrera, Mutrikuko Udal Liburutegiak ordutegi zabalagoa du eta, horretaz gain, aurrerantzean larunbatetan ere izango da irekita. Orain arte larunbatetan itxita egoten zen ekipamenduak zerbitzuak eskainiko ditu 9:30etik 13:30era bitartean asteko egun horretan.
Aste barruko ordutegia ere aldatu eta zabaldu egin da. Hala, astelehenetik ostegunera 9:30etik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara egongo da martxan. Ostiraletan, berriz, 9:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:00etara arte egongo da zabalik.
Udaletik adierazi dutenez, aldaketa hauen helburua «ordutegi malguagoa eskaintzea da, herritarren beharretara egokituz eta irakurketa, ikasketa eta kulturarako sarbidea erraztuz».




