Lezoko Udal Gobernuak 2027rako zerga eta tasen ordenantzak eguneratzeko proposamena aurkeztu du. Proposamenak %2,8ko igoera orokorra, hainbat aldaketa tekniko, hobari-sistemaren eguneratzea eta etxebizitzarekin lotutako hobari espezifikoak jasotzen ditu.
Soldaten bilakaera eta Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) kontuan hartuta, %2,8ko eguneratze orokorra proposatu da.
Proposamenak bi zerga berri aurreikusten ditu: Ezaugarri Bereziko Ondasun Higiezinen (EBOH) karga-tasa %0,7koa izatea eta egonaldi turistikoen gaineko zerga ezartzea.
Hobari-sistema eguneratu eta zabalduko da, herritarren egoera ekonomikoa eta gizarte-beharrak kontuan hartuta. Horrela, errenta-mailaren araberako hobari-taula Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) datuen arabera eguneratuko da, eta uraren, estolderiaren eta zaborren tasetan gehieneko hobaria %90etik %95era igoko da.
Familia ugarientzat indarrean dauden hobariak guraso bakarreko familietara eta genero-indarkeriaren biktimetara zabalduko dira OHZn, musika eskolan eta kiroldegian. Era berean, energia berriztagarria sortzeagatik emandako hobarien tramoak eguneratu egingo dira, Kunkana herriko energia komunitatearekin adostuta.
Etxebizitza-politikarekin lotuta, hiru neurri fiskal berri ezarriko dira: babes publikoko etxebizitzak eskuratzen dituztenek %50eko hobaria jasoko dute OHZn, errenta-mailaren arabera; ohiko etxebizitzaren eskualdaketetan hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergan %50eko hobaria aplikatuko da lehen mailako ahaide edo senide artean egiten badira eta etxebizitzan bizi badira; eta etxebizitza hutsak administrazio publikoek bultzatutako alokairu-programetan sartzen dituzten jabeentzako hobaria %50etik %99ra igoko da.




