Errenteriako Udala k, etxeko eta merkataritzako hondakinen gaikako bilketarekin duen konpromisoaren barruan, hondakinak gaika biltzeko eta lehengaiak berreskuratzeko udal-sistema optimizatzeko helburuarekin, ingurumenari buruzko informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina publiko berria aurkeztu du.
Datozen asteetan edukiontzi marroi guztiak erabilerrazagoak eta irisgarriagoak diren batzuengatik ordezkatuko dira eta sarraila guztiak belaunaldi berriko beste modelo batzuengatik aldatuko dira. Udalak aprobetxatu nahi du une hau komunikazio-kanpaina hau egiteko. Urrats berri hauek udalerriko hainbat kolektiborekin landu dira, hala nola Ingurumenaren Aholku Kontseiluarekin eta Hondakinen Mahaiarekin. Espero da hondakinen kudeaketak udalerrian duen eragina murriztea ekonomian, osasun publikoan, ingurumenean eta klima-aldaketan.
Aurten Hondakinen Partzuergoaren tarifikazio berria indarrean sartu zenetik, BIOaren tratamendua 99 €/tn da, eta errefusaren frakzioaren tratamendua, berriz, 231 €/tn. Hau da, hondakinak zenbat eta hobeto bereizi, orduan eta merkeagoa da tratamendua. Zentzu horretan, Errenteriak Urnietaren bereizte-ehunekoa lortuko balu, tratamenduaren fakturan 300.000 € inguru aurreztuko lirateke.
Kanpainaren helburua da ahalik eta herritar gehienengana mezu argi eta eraginkor batekin iristea, Errenteriako herritarrek hiri-hondakinen gaikako bilketan eta birziklapenean duten inplikazioa eta konpromisoa areagotzeko. Horretarako, ingurumen-hezitzaileek udalerriko 5.000 etxe inguru bisitatuko dituzte, hondakinak sailkatzeko eta birziklatzeko egungo sistemari buruzko zalantzak argitzeko eta materia organikoa bereizteko arrazoiak emateko. Era berean, herriko 100 saltokitan ere egingo dituzte bisitak.
Gainera, informazio gune finko eta mugikorrak antolatuko dira. ZU! Herritarren Arreta Zerbitzuaren espazio eta ordutegietan arreta pertsonalizatua emango da, eta organikoa irekitzeko txartelak inprimatu ahal izango dira. Gune finkoak udaletxean egongo dira azaroaren 16tik abenduaren 4ra arte, eta Aldakonean abenduaren 9tik 15era. Informazio gune ibiltariak ere egongo dira auzo hauetan: Fanderia (azaroak 17), Galtzaraborda (azaroak 18), Agustinak (azaroak 24), Iztieta-Ondartxo (azaroak 25), Kaputxinoak (abenduak 1), Olibet-Etxe Berriak (abenduak 2) eta Alaberga (abenduak 9).
Kanpainaren barruan, udalerriko atari guztietan jarriko diren informazio-kartelez gain, Errenteriako birziklatze-gida eguneratuaren aleak banatuko dira. Horrez gain, errefusaren edukiontziak itxiko dituzte Lartzabal auzoan, modu kontrolatuan neurtzeko nola funtzionatzen duen neurri horrek eremu geografiko zehatz horretan.
Udalak gogorarazi du "Errenteria garbiago, jasangarriago eta osasuntsuago bat eraikitzea erantzukizun kolektiboa dela. Eguneroko ekintza txiki bakoitzak eragin nabarmena du. Elkarrekin urrats berriak emango ditugu hondakin gutxiago sortzeko, gehiago birziklatzeko eta gure udalerriaren etorkizuna babesteko".




