2024an hasitako prozesuaren baitan, aurten 13. eta 14. poligonoetako lursailen mugaketa digitalizatzea gauzatu da. Olabarrieta auzoko ia 500 hektarea hartzen dituzten 434 partzela horien jabeek, 100 inguru, dokumentazioa jaso ahal izango dute datorren astelehenean eta asteartean. Banaketa 9:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara izango da Santa Ana aretoan.
Geograma enpresak lur-jabeen laguntzarekin jasotako plano eta koordenadak biltzen dituzten liburuxketan, jabe bakoitzak bere lursailen mapa topografikoa, mugarriak eta puntu garrantzitsuak aurkituko ditu. Jasotako datuekin desadostasunik izanez gero, 30 eguneko epea izango da erreklamazioak idatziz aurkezteko HAZ bulegoan. Geograma enpresak aztertu eta ebatziko ditu erreklamazio horiek.
Dokumentazioa paperean zein formatu digitalean eskuratu nahi dutenek aukera izango dute eskaera eginda. Jasotzen ez diren liburuxkak udaletxeko HAZ bulegora eramango dira eta azaroaren 25era arte egongo dira eskuragarri. Informazio gehiago nahi izanez gero, Geograma enpresarekin harremanetan jarri daiteke 945 041 064 telefono zenbakira deituta.
Liburuxkak banatu eta erreklamazio epea amaitu ondoren, txostena Foru Aldundiko Ogasuna departamentura bidaliko da, katastroko datuak eguneratzeko adostasuna egon den kasuetan.
Bestalde, Udalak 15. poligonoko lursailen mugatze eta digitalizazio lana ere martxan jarri du. Geograma enpresak esleipen bakarra egin zuen eta lanak 12 hilabetetan gauzatuko ditu 47.282 eurotan. Poligono honek Olabarrieta eta Murgiako lursailak hartzen ditu, 457 hektarea eta 355 partzela.




