Azpeitia ko Plazan ardo eta txorizo festa izango da larunbatean, azaroaren 7an, 11:30etik 14:30era. 19. Ardo Eguna eta 12. Euskal Herriko Txorizo Egosi Lehiaketa uztartuko dituzte, herritarrak kalera ateratzeko eta ekoizleen lana ezagutarazteko. "Ardo Dastaketa Eguna dagoeneko errotuta dago Azpeitiko egutegian. Gastronomia aitzakia hartuta, herritarrak kalera ateratzea, inguruko ekoizleen lana ezagutaraztea eta herriko kaleetan giro polita sortzea da gure asmoa", adierazi du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak. Guztira 11 upategitako ardoak dastatzeko aukera egongo da eta hemezortzi harategik eman dute izena txorizo lehiaketan.
Ardo kopa bat euroren truke eskuratu ahal izango da, eta dastaketarako txartelak binaka salduko dira: bi txartel, hiru euroan; lau txartel, bost euroan; sei txartel, zazpi euroan. Pintxoak, berriz, bi euroan egongo dira salgai. Lehiaketan parte hartuko duten harategiek ekarritako txorizo pintxoak ez ezik, gaztarenak ere egongo dira aukeran, Berastegi, Premietxeberri eta Elosiaga gaztandegien eskutik.
Azpeitiko Udalak antolatzen du ekitaldia, Dendartean, Odriozola Ardoak, Ederto Harakel eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioaren laguntzarekin. Horrez gain, Luix Beltza dantza suelto eskolako bikote batek mahatsa zapalduko du jai giroari beste osagai bat gehitzeko. Aurten, Izarraitz Igeri Elkarteak hartuko du Misio Taldeko eta Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldeko boluntarioen lekukoa txorizoa prestatzen eta banatzen, eta lortutako dirua elkartearentzat izango da.
Dastaketan parte hartuko duten 11 upategiak honakoak dira: Tobelos, Eguren Ugarte, Hariak Winery, Ostatu (Arabako Errioxa); Zinio, Valcuerna, Lan, Salceda, Pierola (Errioxa); Inurrieta (Nafarroa); eta Juve & Camps (Penedes). Lehiaketan arituko diren hemezortzi harategiak, berriz, honakoak: Valentin Odriozola (Azpeitia), Aitxumarri (Azpeitia), Kepa Loidi (Orio), Okela (Donostia), Arrizabalaga senideak (Mutriku), Deba (Ormaiztegi), Miren (Tolosa), Pako (Olazti), Imanol Barriola (Tolosa), Arteaga (Donostia), Agirre-Etxe (Arrasate), Biyona (Zarautz), Bengoetxea (Donostia), Txarri Txiki (Aia), Otamendi (Arrasate), Joxe Mari Barriola (Ibarra), Zuazo (Dima) eta Lopez de Goikoetxea (Urdiain).
Eguerdiko ekitaldiez gain, arratsaldean ere izango dira ekitaldiak Bustintzuriko Errebalean, San Martin jaiak ospatuz, sokamuturra, ogitarteko jana eta UK03 txarangaren emanaldiarekin. Horrez gain, Perez Arregi plazan, Zurrunka Teatroa & La Semilla Voladora taldearen eskutik, Birakolore kale antzerkia izango da, 44. Euskal Antzerki Topaketen barruan.




