Maykoluxek jarriko ditu aurten ere Oñatiko Gabonetako argiak

Enpresa hernaniarrak argiteria jarri eta mantentzeko zerbitzua beteko du, iazko aurrekontu berarekin.

Maykoluxek jarriko ditu aurten ere Oñatiko Gabonetako argiak

Ayuntamiento de Oñati

Maykolux enpresa hernaniarrari esleitu zaio aurten ere Oñatiko Gabonetako argiteria jartzeko eta mantentzeko zerbitzua, iazko aurrekontu berarekin.

Maykolux enpresa hernaniarrari esleitu zaio aurten ere Oñatiko Gabonetako argiteria jartzeko eta mantentzeko zerbitzua. Lanean laster hastea aurreikusten da, abenduaren 3rako dena prest egon dadin. Egun horretan piztuko baitira argiak, urtarrilaren 7ra arte iluntzero eta goizaldera piztuko direnak: iluntzetik gauerdira arte eta goizeko 7etatik egunsentira arte.
Iazko elementu kopurua eta kokapena mantenduko da. Ohiko argi arkuak jarriko dira kale Zaharrean, Atzeko kalean eta kale Barrian. Udaletxeko fatxadan ere Gabonetako mezua irakurri ahal izango da. Horrez gain, Errementari plazako kioskoa argiztatuko da, plazako arbolak ez ezik, San Lorentzoko arboletan ere argi apaingarriak jarriko dira. Bakardadeko Ama kalean, Maibi aurrealdeko bidegurutzean dagoen arbola ere argiztatuko da, Bidaurretakoa argiztatzen den moduan. Gainera, Olakua eta San Lorentzo auzoetan beste apaingarri batzuk jarriko dira.
Halako lanak egiten dituzten hiru enpresei eskatu zitzaien proposamena eta aurrekontua aurkeztea, baina Udalak finkatutako gehienezko prezioaren azpitik eskaintza bakarra jaso da: Maykoluxena. Muntatze, desmuntatze eta mantenu lanak nahiz elementu apaingarrien alokairuaren aurrekontua 18.125 euro da, iazko kopuru berdina.
Enpresentzat urte amaierako asteak lanpetuak izaten dira, herri askotatik jasotzen dituztelako deiak eta enkarguak garai bererako. Iaz, urrian hasi ziren herria argi-apaingarriez hornitzen, aurten ez da hala gertatu baina laster hastea aurreikusten da. Kontratuan, elementu guztiak kentzeko epe-muga ere zehaztu du Udalak: 2027ko urtarrilaren 17a izango da.
Iturri ofizialaren informazioan oinarritutako edukia: Ayuntamiento de Oñati (06/11/2026)