Herri-identitatearen transmisioa betidanik egin den arren, gaur egungo testuinguru digitalean erronka berriak sortzen dira. Horri aurre egiteko, teknologia berrien baliabideekin material didaktikoak sortzea garrantzitsutzat jo dute hezkuntza-eragileek. Antzuolan, adibidez, Udalaren ekimenez eta Mondragon Unibertsitateko teknikariek gidatuta, Herri Curriculuma osatu dute, herritarren parte-hartzearekin. Helburua da antzuolar zerk egiten duen definitzea eta pertenentzia sentimendua indartzea.
Lau parte-hartze saiotan, hainbat dinamika eta eztabaida izan dituzte adin askotariko herritarrekin, eskolako ordezkariekin eta kultur zein kirol eragileekin. Horien emaitza, "iragana, oraina eta etorkizuna uztartzen dituen Antzuolartasuna bizi, transmititu eta birsortzeko oinarrizko ekosistemaren argazkia" da. Hemendik aurrera, produktu eta material zehatzak sortu eta herritarrak aktibatzeko ekimenak dinamizatuko dituzte, Interneten eskuragarri egongo den tresna ireki batean.
Elgetan ere antzeko prozesua egin dute, Herri Eskolako, Liburutegiko eta Udaleko kideek gidatuta. Bertan sortutako ikas-materialak datorren ikasturtean lantzeko asmoa dute, baina dagoeneko hasiak dira eduki batzuk erabiltzen, hala nola Elgetako mapa eta izendegia lantzeko ariketak edota bertako berbak jasotzen dituzten txartelak.
Arrasaten, 2019an hasi zen Udala herriko ikastetxe eta maila guztietako ikasleei Arrasateko historia eta kultura transmititzeko helburuarekin. Bertan, "jolasak, legendak, jaiak eta kantak, Arrasateko berbak, auzoetako historia, ibilbideak, toponimia, parkeak eta argazkiak" biltzen dituen mapa didaktikoa eta liburuxka sorta landu dituzte.
Oñatin, 2015ean hasi ziren Herri Curriculuma osatzen, Arrasateko, Orioko eta Azpeitiko ereduak aintzat hartuta. Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean garatutako edukiak hurretik.eus blogean bildu dituzte, modu irekian eskuragarri. Material horiek, hala nola Oñatiko Inauteriei buruzko atala, ikastetxeetako kideek zein herriko eragileek erabil ditzakete.
Aramaion ere, 2018an aurkeztu zuten Herri Curriculuma, "tresna bizi" gisa definituz. Bertan, ikasleen interesetatik abiatuta diseinatzen dituzte proiektuak, inguruko baliabideak aprobetxatuz, hala nola tailerrak eta herritarren parte-hartzea bultzatuz. Adibidez, klima aldaketari buruzko proiektu bat abiatuko dute lehen zikloko ikasleekin.
Hezkuntza arlotik haragoko erronka gisa, Aretxabaletan UDA kirol elkarteak eta Udalak "Nolako aretxabaletarrak izan nahi dugu?" galderari erantzuteko prozesua jarri dute martxan, herri-izaerarekin lotutako edukiak transmititzeko.




