Kantsatzeke mendi taldeko kideek etxe bueltan egingo dute ekaineko irteera, eta aurten hasiko dira Debagoiena lurraldeari itzulia ematen dion Hartzaren Urratsa GR-289 ibilbidearekin. Bost etapa izango dira guztira, eta urtean bat egiteko asmoa dute taldekideek.
Lehen etapa ekainaren 21ean izango da, Bergara eta Arrasate artean. Ibilbidea Bergaran hasi eta Asentzio, Kanpanzarrera eta Udala igaroko ditu, azkenik Arrasatera jaisteko. Sei edo zazpi orduko iraupena izango duela kalkulatzen dute.
Taldeak azaldu duenez, "irteera normalak baino zertxobait luzeagoa da, baina ez ezinezkoa. Udari begira norberaren indarrak probatzeko test polita". Ibilbidea erraza dela eta bista politak dituela gaineratu dute, bidean zehar Aralar, Aizkorri, Kurutzeberri, Udalaitz eta Anboto aldea ikusgai direla.
Izen-ematea zabalik dago ekainaren 18ra arte, osteguna, helbide elektroniko honetan: kantsatzeke@gmail.com, edo 690 74 00 56 telefono zenbakira idatzita (Whatsapp bidez). Taldea 07:00etan aterako da herriko plazatik, eta parte hartzearen prezioa 5 eurokoa da. Adin txikikoek guraso edo nagusi baten ardurapean joan beharko dute.




