Arrasaten aurkeztu dute gaur arratsaldean Karanketan, Arrasateko Elikadura Mahaiaren proiektua. Kulturateko klaustroan egindako ekitaldian, proiektuan parte hartu duten eragileek parte hartu dute: Arrasateko Udala, Ereindajan Arrasate, Deba Garaia Landa Garapen Elkartea eta Biolur Gipuzkoa, Tokixan egitasmoa, Txatxilipurdi eta zenbait ekoizle lokal.
Proiektuaren helburu nagusia da tokiko elikadura-katea indartzea, agroekologian oinarritutako eredu osasuntsu eta jasangarria sustatuz. Arrasateko Udaleko Tokiko Ekonomia eta Enplegu batzordeko buru Jaime Bengoak azaldu duenez, "kanpoko aholkularitza baten eskutik formakuntza jaso ondoren, aktibazio saioak egin ziren eta talde eragile bat sortu zen prozesua definitzeko eta egonkortzeko".
Karanketan izenak Arrasateko herri hizkera eta tradizioari egiten dio keinu. Jaime Bengoak azaldu duenez, "Karanketan egitea aletzea da, eta mahaiaren bueltan egiten lan kolektibo eta tradizionala da, non uzta biltzeaz gain, hazirik onenak etorkizunean ereiteko gordetzen diren". Iruditeria zirkularrak auzolana, komunitatea eta elikaduraren zikloa irudikatu nahi ditu.
Ereindajan Arrasate izan da prozesua eta estrategia zehazteko arduraduna. Ereidendajan Arrasateko koordinatzaile Edurne Kortabarriak adierazi duenez, Karanketan-en balioak agroekologia, bertako ekoizleen babesa, tokikotasuna, elkargune inklusibo eta feminista izatea eta saretuta egotea dira.
2026an zehar, herritarrei begirako sentsibilizazio jarduerak antolatu dituzte, hala nola Lurretik mahaira! Ekoizleekin kozinatzen! ikastaroak, batez ere haur eta gazteei zuzenduak. Gainera, 2027ko plangintza ere lantzen ari dira.
Deba Daraia Landa Garapenerako teknikari kudeatzaile Garikoitz Aiestak eta Elkoro baserriko Ane Gorosabelek, tokiko ekoizleen izenean, ekimen hauen beharra azpimarratu dute. "Lehen sektorean aukera egon badaudela erakutsi gura dugu", adierazi du Gorosabelek, eta etorkizunean baratzezaintza, abeltzaintza eta eztigintza bezalako tailerrak egiteko asmoa dutela gaineratu du.




