Gaizka Aranegik, elkarteko zuzendaritza-taldeko kideak, azaldu duenez, topaketaren helburua da "gaztetxoenek lagun berriak egitea eta urtean zehar ikasitakoa praktikan jartzea". Lehen topaketa hau antolatzea erabaki dute, judoka txikienek "faltan igartzen dutelako" beste klub batzuetako judoken aurka lehiatzea, beste kiroletan aukera gehiago izaten dutelako.
Txapelketa bat baino gehiago, judoaz gozatzeko aukera bat eskaintzea da helburua, "errespetua, adiskidetasuna eta elkartasuna sustatuz". Parte hartzen duten haur guztiek oroimenezko domina bat eta ura eta fruta dituen poltsa bat jasoko dituzte jardunaldia amaitzean. Jardunaldia 09:30etik 13:30era izango da, bi txandatan banatuta: 2018-2021 urte artean jaiotakoentzat eta 2014-2017 urte artean jaiotakoentzat.
Ondarroako, Azpeitiko, Zumaiako, Legazpiko, Zarauzko, Usurbilgo eta Arrasateko judokak izango dira bertan. Antolatzaileek 200dik gora ume espero dituzte, eta eskerrak eman dizkiete Arrasateko Udalari eta babesle guztiei, haien laguntzarik gabe jaialdi hau ezinezkoa izango litzatekeelako.
Ikasturte amaierara begira, Aranegik azpimarratu du domekako topaketa ez dela azken hitzordua izango; izan ere, Gipuzkoako Txapelketa eta infantilen eta kadeteen Espainiako Txapelketa geratzen dira denboraldia borobiltzeko.
Gaur egun, Arrasate Judo Elkarteak 50 judoka inguru ditu eta "osasuntsu" dagoela adierazi du Aranegik, azken urteetan eratu den zuzendaritza-talde "indartsuari" esker. Taldeak "gauza berri batzuk lantzen hasi dira, pixkanaka-pixkanaka", herrian judoa ikustarazteko eta jendea kirola probatzera animatzeko.




