Igoera faseko hamasei taldeetatik lehen laurak igoko dira Gorengo Mailara, eta horietako bat izango da Antzuola matematikoki. Bi denboraldi behar izan ditu kategoria horretara itzultzeko. "Igoera fasea ez zutela nahi bezala hasi, baina segituan eman genion buelta. Ekipo gaztea izan arren, konfiantza handiarekin ibili gara. Denboraldi osoan bi porrot besterik ez ditugu jaso. Poliki-poliki igo gintezkeela sinisten joan gara, eta azken neurketetan gertu ikusi dugu helburua", azaldu du Unai Murgiondo entrenatzaileak.
Defentsan "salto handia" eman dutela nabarmendu du, aurreko denboraldiekin alderatuta. Talde osoak mentalki "askoz indar handiagoa" erakutsi izana jo du gol gutxi jasotzearen arrazoi nagusitzat. Erasoan, bestetik, "elkar ondo ezagutzen duten jokalariak" izan ditu bere esanetara, gazte mailatik zein beste talde batzuetatik etorritakoak. "Antzuolakoak ez diren bi bakarrik ditugu gure artean, baina urteak daramatzate gurekin. Lehen momentutik ikusi da aurten inoiz baino gol aukera gehiago sortu ditugula. Hori izan da hainbeste gol eta puntu lortzearen oinarria. Aurten baloia jokatzen oso ondo moldatu gara, aurrealdean jokalari abilak dauzkagula aprobetxatuta. Ohiko joko zuzena egin arren, baloi jabetza gurea izaten saiatu izan gara", gaineratu du.
Eztala zelaiko belarra aldatzen aritu direnez, Bergarako Ipintza zelaian jokatu dituzte etxeko partiduak azarotik hona. Nahiz eta AKE ko haur eta gazte kategoriatakoak bertan jokatzen hasi diren, nagusien taldeak Bergara n jarraitu du. "Izan ere, kautxu berriak hezetasun handia hartu du, eta berdegunearen zati batzuk ezegonkor daude, lesio-arriskua areagotzea ekarrita. Zelaia udaran sikatuko da ganoraz eta orduan etorriko dira berriz makinekin zapaltzera, hezetasunaren xurgapena hobetzeko", adierazi du entrenatzaileak.
Taldeak konpromiso handia erakutsi du zailtasunak zailtasun, astean behin Eztala arlo fisikoa lantzeko erabili izan duten arren, eta gainontzeko entrenamenduak Bergara eta Soraluze artean egin dituzte. "Igoera faseko hamabost partiduetatik hamabostak jokatu ditugu Eztala tik kanpo; sekulako meritua dute jokalariek", azpimarratu du Murgiondo k.
Larunbatean, 16:30ean jokatuko dute Bergaran, Agorrosin en. Hernani B izango dute aurkari, lehiatik baino gehiago ospakizunetik izango duen norgehiagokan. Datorren denboraldiari begira, etxea gotorleku egiten saiatuko dira berriz: "Aurkariek dezente sufritzen dutela jakinda, gakoa izango da guretzat Eztala n sendo aritzea".




