Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak Jakindari aliantzaren bigarren urteroko topaketa egin du Arabako Parke Teknologikoan. Aliantza honek zientziaren kulturan konprometitutako ia ehun erakunde biltzen ditu Euskadin, ezagutza zientifikoa gizarteari hurbiltzeko helburuarekin.
Topaketan, aliantzaren lehen urteko jardueraren analisia egin da eta kideen arteko lankidetza-aukera berriak aztertu dira. Jakindari duela urtebete jarri zen martxan, zientziaren dibulgazioan diharduten erakundeen arteko lankidetza indartzeko, ekimenen irismena zabaltzeko eta gizartean eragin handiagoa sortzeko.
Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak nabarmendu duenez, "lehen aldiz garatzen du Eusko Jaurlaritzak bere zientzia-dibulgazioko jarduerak eta aurreko urteetan baino baliabide bolumen askoz handiagoa eskaintzen die". Sailburuak garrantzia eman dio zientziaren dibulgazioari, "zientzia espazio publikoan kokatzeak sozialki prestigioa eta, beraz, zilegitasuna ematen diolako".
Jakindari aliantzak ikerketa-zentroak, unibertsitateak, erakunde publikoak, fundazioak, elkarteak, museoak, zentro kulturalak eta liburutegiak biltzen ditu. Besteak beste, DIPC, AZTI, CICenergiGUNE, Tecnalia, EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Ikerbasque, Innobasque, Ihobe, Aquarium, Laboratorium eta Tabakalera daude bertan.
Lehen urtean, Jakindari-k hainbat ekimen bultzatu ditu, hala nola Jakinaldia, eklipsearen inguruko dibulgazio zientifikoko jardueren lehen programazio kolektiboa. Gainera, ZientziaKlik plataforma zientziaren eta dibulgazioaren komunitatearen zerbitzura sendotu da, 500 ekitaldi baino gehiago argitaratuz.
Sailak "Ezagutza Zabaltzen" deialdia ere ebatzi du, Jakindari-ko kide diren erakundeek sustatutako zientziaren ezagutzaren gizarte-dibulgaziorako proiektuak finantzatzeko. Guztira, 14 proiektu finantzatuko dira.
Topaketak esperientzien trukea, prestakuntza eta lan kolaboratiboa uztartu ditu. Parte hartu duten erakundeek beren dibulgazio-proiektuak erakutsi dituzte eta zientziaren dibulgazioaren arloan gaitasunak indartzeko prestakuntza-saioak ere izan dira. Jardunaldia interes komunak identifikatzeko eta etorkizuneko proiektu bateratuak planteatzeko gune kolaboratibo batekin amaitu da.




