Laguntza hori Uvira lurraldean, Kivu ko probintzia hegoaldean, gertatzen ari den egoera larriari aurre egiteko bideratuko da. Bertan, Kongoko armadaren eta Ruanda k babestutako M23/AFC matxinoen arteko enfrentamendu bortitzek segurtasun kaskarra eta biztanleriaren desplazamendu masiboa eragin dute, besteak beste, Kabimba, Katongo eta Kigongo bezalako herrietan.
Ekimen honek beharrizan oinarrizkoenak estaliko ditu, hala nola elikagaiak banatuz –arto irina, olioa, gatza, lekaleak, azukrea eta esne hautsa–, baita etxeko ezinbesteko tresnak, arropa eta higiene produktuak ere. Emakumeengan, bereziki haurdun daudenengan edo edoskitzen ari direnetan, jarriko da arreta berezia, beren beharrei egokitutako 'kit' espezifikoak emanez.
Laguntza Asociación Africanista Manuel Iradier en bidez bideratuko da, eta bertan gauzatuko du Pax Christi Uvira erakunde lokalak. Azken honek esperientzia handia du eskualdeko gatazka luzean kaltetutako populazioei arreta ematen, eta aurreko larrialdi humanitarioetan ere jardun du Alabako Larrialdi Funtsaren laguntzarekin.
Eskualdeko krisi humanitario luzearen testuinguruan kokatzen den gatazka hau azken hilabeteetan areagotu egin da, ondasunen desjabetze sistematikoak, bizi-baliabideen suntsipena eta milaka pertsonen desplazamendua eraginez. Erasoetan, biztanleria zibila beren etxeak uztera behartua izan da, egoera oso zaurgarrian utziz.
M23 rekin izandako gatazkak krisi humanitario kroniko bat areagotzen ari da RDCko ekialdean, hiru hamarkadatako indarkeriak suntsitua. Eskualdeko egoera humanitarioa okerrera doa, nahiz eta duela gutxi bake akordioak sinatu diren, izan ere, enfrentamendu armatuak mantentzen dira eta biztanleria zibilarentzako arrisku larriak eta desplazamendu masiboak sortzen jarraitzen dute.
Segurtasun faltak eta baliabide eskasiak zailtzen dute oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea eta kaltetutako pertsonen bizi-baldintzak okertzen dituzte, bereziki landa-eremu isolatuenetan.




